Hazkunde urtea izan zen 2021a Zubillagako hiltegiarentzat

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 31a, 11:52

(Argazkia: Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak)

Hazkunde urtea izan zen joan zena Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak enpresarentzat. Gorakada horren adierazle, %13ko hazkundea izan zuen ekoizpenak, %20koa zerbitzua eskainitako ustiategi kopuruak, eta %25ekoa, berriz, fakturazio totalak. Arduradunek adierazi dutenez, barrura begira "egonkortze" urtea izan zen, 25 laguneko lan-taldea mantentzeaz gain, harrera, bulego eta aldagela berriak estreinatu baitzituzten.

1.101 ustiategitatik ekarritako animalietatik 1.635.203 kilogramo kanaleko ekoiztu ziren 2021ean Zubillagako hiltegian, ia herena (603.271 kg/kanal) Eusko Label zigiluarekin. Aurreko urtearekin alderatuta, %13ko hazkundea izan zuen ekoizpenak, eta %20koa, aldiz, zerbitzua eskaini zaien ustiategi kopuruak. "Laudioko hiltegiaren itxieraren ondorioz, Bizkaiko eta Arabako bezeroen gorakada izan da", adierazi dute ohar bidez Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuakeko arduradunek.

Bezero gehiagori "kalitatezko zerbitzua" eskaintzea logistikoki erronka "garrantzitsua" izan zela aitortu arren, fakturazioan eragin zuzena izan zuen bezeroen gorakadak: %25ean hazi zen 2021ean. Oro har, urteko balantzea "positiboa" izen zela adierazi dute arduradunek.

Barrura begira

Kanpo adierazleen aldaketak ez dira izan, baina, abelgorriak, zaldiak eta ardiak hiltzen eta zatitzen dituen Zubillagako enpresaren berrikuntza bakarrak. Ohar bidez adierazi dutenez, "egonkortze" urtea izan zen igarotakoa; 25 laguneko lan-taldea mantentzeaz gain, harrera, bulego eta aldagela berriak estreinatu zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak