Lehenengo irteeran parte hartu zutenek egindako bozkaren arabera, oraingoan Bizkaiara joango dira Pake Lekuko erretiratuak, Bermeora eta Gaztelugatxera, hain zuzen ere. Goiza kultura arloko Arrantzaleen Museoa bisitatuz igaroko dute, eta bazkaldu ondoren, arratsaldean, naturaz gozatuko, aire librean, Gaztelugatxen (eguraldia txarra bada Gernikako Batzar Etxean). Pake Lekuko bazkide guztiak daude gonbidatuta.
Izen-ematea
Otsailaren 25ean, egubakoitza, izango da irteera hau. Izena, baina, aurretik egin behar da. Antolakuntza taldekoek mailez bidali edo eskura jarriko duten orria –tabernan eta bulegoan– bete behar da datuekin eta helbide honetara bidali: pakelekulturanatura@gmail.com. Pake Lekuko bidaietako bulegoan ere entregatu daiteke martitzen eta eguaztenetan, 17:00etatik 19:00etara egun hauetan: otsailak 1, 2, 8, 9, 15 eta 16. Bazkaria ere antolatuko dute, 11 euroko menu bat Bermeoko jatetxe batean, baina aukera dago norberak etxetik eramateko ere (zein aukeraren alde egiten den ere bete beharko da izen-emate orrian).
Irteera 15 euro da eta transferentzia bidez ordaindu beharko da Pake Lekuko Laboral Kutxako kontu korrontean. Horretarako azken eguna da otsailak 16. Arazorren bat izanez gero, papera entregatzeko egunetan bulegora joan eta argitu ahal izango da. Izena ematearen ordena errespetatuko da autobusa bete arte.
Irteera aurreko egunetan, ekitaldiari lotutako hitzaldi bat antolatuko dute. Hizlaria Juan Antonio Apraiz bermeotarra izango da. Arrantzan aditua da, eta ikerketa, lan eta artikulu ugari egindakoa eta idatzitakoa gai horren inguruan.