Madrilgo Euskal Etxean txistu eskolak ematen ditu Urko Urteaga oñatiarrak eta harekin batera hasi ziren asteburuko bidaia hau prestatzen Oñatiko Aita Madina txistulari taldeko txistulariak. Legazpikoekin batera doaz; egubakoitzean joan, zapatu iluntzean emanaldia egin, gauean Euskal Etxean afaldu eta domekan buelta etxera. Horixe da egin duten plana.
Oñatiar gehiago Madrilen
San Sebastian eguna aste barruan izanik, Sarriegiren San Sebastian martxa da joko duten piezetako bat. "San Inazio martxa, Arabako otoitza... eta beste hainbat euskal doinu ere joko ditugu. Guk hemen sarri jotzen ditugun piezak izango dira eta han gustura entzungo dituztela uste dugu. Euskal Etxeak zabalduko du deialdia hango euskal komunitatean, eta ea bada zenbat elkartzen garen", dio Aitor Madina txistulariak.
Urko Urteagarekin ez ezik, egun Madrilen bizi diren Esteban Urzelairekin eta Egoitz Aizpururekin ere elkartuko dira. Biak Oñatiko txistulari izandakoak.
Iñaki Gabilondori omenaldia
Domeka goizean omenaldia egingo diote Iñaki Gabilondo kazetari donostiarrari Madrileko Euskal Etxean. Txistulariek ez dute berez emanaldirik zehaztuta domeka goizerako, baina ekitaldi hori han izanda, beraiek ere hara joatea litekeena dela adierazi du Madinak.