Garagaltza auzoko Albarritza baserrian jaio zen 1935eko abenduaren 28an eta hantxe bizi izan da. Igeltsero lanetan hasi zen gaztetan, baina aitajaunaren bidetik, hargin izaten ikasi zuen. Oñatiko San Migel parrokiako lanak (klaustroa, beirateen arkuak, Font Andreu eta Bereziartua gotzainen ezkutuak...), Txaketuako eta plaza ondo iturrien lekuz aldatzeak, udaletxeko lanak... hainbat obretan hartu zuen parte. Baita Arantzazuko eliza berria egiten ere (aldare atzeko bobeda, kripta, sarrera arkuak...). Dorre handiaren lau ilara ei zeuden jarrita lanera heldu zenean, soldaduskara joan aurretik : "Igeltsero nenbilela ikusi nituen apostoluak egiten; laugarrenarekin ari ziren. Urtetan geldi egon zen proiektua eta berriz hasi zirenean, nirekin tailerrean ari ziren beste hiru harginekin batera joaten nintzen egunero Arantzazura. Buztina eta igeltsua sarritan eraman nion Oteizari", kontatu zuen Ahotsak ekimenerako egindako grabaketan.
Gernikako arbola
Gerniako arbolaren mendeurrenean, 2017ko otsailean, berak zizelkatutako, landutako, plaka jarri zuten. Oñatiar ugari bildu ziren egun hartan arbolaren bueltan.