Fagor Profesional Aloña Mendik ezin izan du, multzoko lider gelditu ostean, igoera faseko aurreneko partida irabazi. Euskal Herriko talderik indartsuenetarikoak lehiatuko dira nor baino nor gehiago fase berri honetan, hain zuzen ere. Gaurkoan, baina, Errenteriako Ereintza taldea Aloña Mendi baino gehiago izan da Zubikoan eta garaipena kanpoko taldeak erdietsi du (27-28).
Lehenengo zatian oñatiarrak ez dira gustura aurkitu kantxan, eta Ereintza aurretik mantendu da markagailuan (6-9). puntu bakarrera gerturatzea lortu duten arren (10-11), Errenteriakoek ondo eutsi dute defentsan, eta markagailuan bikain baliatu dute Zubikoan, txantxiku zaleen presioaren aurrean. Atsedenaldira, 12-14koarekin joan dira bi taldeak.
Bigarren zatian intentsitatea areagotu egin dute bi taldeek, baina Aloña Mendik erasoan akats larriak pilatu ditu, eta Ereintzak bost puntuko aldea eskuratu du (15-20). Apurka, oñatiarrak euren jokoa hobetu egin dute, eta defentsa sendoari esker alde hori gutxitzea lortu dute (21-24). Zubikoan Fagor Profesionalen jarraitzaileen presioa sentitu dute orduan errenteriarrek, eta etxeko taldea puntu bakarrera jarri da markagailuan, bukaerarako minutu baten faltan (26-27). Ereintzak ez du bere aukera galdu erasoan (26-28), baina Aloña Mendik ezta ere (27-28). Beraz, partida azken 30 segundoetan erabaki da. Defentsa bikain baten ostean gorriek errenteriarren erasoa gelditzea lortu dute, eta hutsartea eskatu dute neurketa azken erasoa, erabakigarria, ondo prestatzeko (partidako 59:41 minutua). Hala ere, azken erasoan, Aloña Mendiko jokalariaren jaurtiketa bikain gelditu du Errenteriako taldeko atezainak.
Mugarri Ingouren partida bertan behera
Jaitsiera faseko lehen neurketa jokatu behar zuen zapatuan Arrasateko taldeak Usurbilen aurka asteburu honetan, baina COVID-19 kasuak tarteko, Usurbilek norgehiagoka atzeratzea eskatu zuen federazioan, eta eskaria onartu egin dute azken orduan (ostiralean jakin zuten taldeek). Aste honetan adostu beharko dute bi taldeek atzeratutako partida noiz jokatuko duten.
Berangon garaipen bikaina
Construcciones Aloña Mendik sekulako garaipena eskuratu du Emakumezkoen Euskadiko Senior Ligan, Easygas Berango Urdulizi 23-24 irabazita. Sailkapeneko azken sailkatuen arteko norgehiagoka izan da, eta garaipena oñatiarrek eskuratu dute puntu bakarragatik. Hurrengo jardunaldian sailkapenean beste aurrerapauso handi bat emateko aukera izango du Aloña Mendik, Urdaibairen aurka, Zubikoan.
Garaipen sendoa Soralucek
Gipuzkoako Lehenengo Mailan, Bergarako taldeak garaipen erraza eskuratu du etxean Aritzbatalderen aurka (36-19). Erasoan erakustaldia emanik, bergararrak sailkapeneko 7. postuan jarraitzen dute, eta gora begira jarri dira. Hurrengo norgehiagokan Txingudi Goibar liderraren aurka jokatuko du Soralucek, etxetik kanpora. Erronka benetan saila mahoneroendako.