Esperientzia handiko musikari oñatiarrak, Keia talde berrian

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko urt. 12a, 10:55

Ane Arruti zarauztarrak gidatuta, Egoitz Olaldek, Iñigo Ibarrondok eta Iker Martinez de Zuazok osatzen dute Keia taldea eta lehenengo aurrerapen kantua argitaratu dute: Ez zara zu.

Bideo eta guzti publikatu du Youtuben Keia taldeak lehenengo aurrerapen kanta, Ez zara zu izenekoa. 2021eko apirilean sortu zuten taldea distantzian, izan ere, bakoitza bere etxean lantzen hasi zen Ane Arruti musikari zarauztarrak aspalditik idatzita zeuzkan kantuak, eta ekainean hasi ziren lokalean elkartu eta entseguak egiten.

Arrutik gidatuta eta bere kantuak oinarri hartuta, hirukote oñatiar sendoaren babesa dauka ondoan, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal taldeetan aritutako musikariak baititu lagun. Egoitz Olalde baterian, Iñigo Ibarrondo baxuan eta Iker Martinez de Zuazo gitarran.

Diskoa Beran, Atala estudioan, Iñigo Irazokirekin grabatu dute modu analogikoan. Arrutik azpimarratu du horrek soinu aldetik "berezi" egiten dituela kantuak eta otsaila hasieran argitaratuko dute hamar abestiz osatuta egongo den lehen diskoa.

Egubakoitzean, Bonberenean

Hilaren 14an, egubakoitza, estreinatuko da oholtza gainean Keia taldea. Tolosako Bonberenean izango da hori, 22:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak