Euriteen eraginez, zuhaitz bat erori da Kalegoienan

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 10a, 09:25

Goizaldean zuhaitz bat erori da Kalegoiena kalean, Bidaurretako eta Herrerako biribilguneak lotzen dituen errepide zatian. Oñatiko Udaltzaingoak Goienari adierazi dionez, egunak argitzearekin batera bertaratu dira udal langileak trafikoa bideratu eta ibilgailuen zein oinezkoen pasabideak garbitzera; goizeko 9:00ak bueltarako amaitu dituzte lanak. Udaltzaingoaren arabera, ez da kalte pertsonal edo materialik izan.

Kalegoienako ezbeharraz gain, trafiko geldoa izan da gaur goizean Oñati eta Elorregi artean. Ohiko ibilgailuen joan-etorriaz harago, errepidea oztopatzen zuten bi ezbehar txiki ere izan dira. Batetik, kotxe bat matxuratu da Zubillagako saihesbidean, eta bidearen ertz batean egon da denbora batez; bestetik, bi autoren arteko istripu arina izan da Zubillagatik Elorregirako zatian.

Hainbat irteera atzo

Egun guztian egin zuen euria atzo eta horrek sortu zituen arazoan herriko hainbat lekutan. Udaltzaingoak baieztatu duen moduan, bidegorria itxi egin zuten, adibidez, bi puntutan: Arriagako eta Garaiko tunelak itxi zituzten, erreka gainezka egiteko 50 zentimetro baino ez zirelako falta. Arriskua adierazteko seinaleak jarri zituzten San Pedro auzoaren parean eta gasolindegi ondoko sarreran.

Araotzeko bidean harri asko zeuden errepidera erorita eta horiek kentzen ere ibili ziren udaltzainak. Jaumendiko biribilgunean ere arketa zabaldu behar izan zuten potzuan pilatutako ura xurgatzeko.

Arantzazun, bestalde, gizonezkoen komunak ezin erabilita gelditu ziren hormatik ura ateratzen zelako, eta itxi egin zituzten. Horrez gain, Zubillagatik Urkulura bitartean, Urzabal baserri ondoan, zuhaitz bat bidera erortzeko moduan zegoela esanaz deia jaso zuten. Hara joan eta 112ra abisua pasa zuten udaltzainek, suhiltzaileek zuhaitza moztera joan zitezen. Bergarako Ertzaintza etxetik ere deia jaso zuten, 20:35an, Urrexolan, Errota baserrian, menditik zetorren ura barrura sartzen ari zela esanez. Bertaratu ziren udaltzainak eta bizilagunek ura beste lekutik desbideratzea lortu zuten. 

Lurjausiak ere gertatu ziren Urrexolara bidean eta GI-2630 errepidean, fanderia parean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak