'Amalurra' ikuskizuna eskainiko dute urtarrilaren 8an Ganbara Faktoriak eta Hots Abesbatzak

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko urt. 3a, 17:46
'Amalurra' ikuskizunaren aurkezpena, gaur goizean.

Musika, ahotsa, bertsolaritza, dantza, argia eta ikus-entzunezkoak uztartuko ditu emanaldiak. 55 lagunek hartuko dute parte, horien artean, Hots abesbatzako kideak, Camden Dance Studioko dantzariak, Amaia Zipitria piano-jolea eta Onintza Enbeita bertsolaria.

Amalurraren mezua zabaldu gura dute 75 minutuko iraupena izango duen ikuskizunarekin. Amalurra laguntza eske agertuko da; itzaltzen dabilela eta kasurik egin ezean betiko itzaliko dela ohartaraziko du, "horrek ekarriko dituen ondorioekin".

Onintza Enbeitak jarriko dio ahotsa Amalurrari; bertsolariak eta Ganbara Faktoriak lehenengo aldiz egingo dute lana elkarrekin, eta "plazer handia" dela esan dute antolatzaileek.

Aurreratu dutenez, "hausnarketarako eta musikaz gozatzeko" gonbita egingo duen ekitaldia da. Naturako hainbat esparru jorratuko dira: elementuen kantak (ura, sua, airea eta lurra), animaliak, mendia, basoa, gaua... Guzti hori euskal musikaz eta bertsolaritza konbinatuz. Dantzariek ere bere ukitua emango diote ekitaldiari.

Aitor Biain-Bidarteren zuzendaritzapean, Zubikoa pilotalekuan izango da emanaldia; urtarrilaren 8an, zapatua, 19:30ean. Sarrerak Txokolateixan, www.oñati.eus webgunean edota plaza ondoko makinan lortu daitezke 10 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak