Aloña Mendiko tenis eskolako jokalariendako da aurtengo Gabonetako txapelketa. Egoera zein den ikusita ez dute izen-ematea beste herrietara zabaldu eta etxeko jokalariendako bakarrik antolatu dute. "Gune irekian da txapelketa, kontaktu fisiko barik, eta alde horretatik txapelketarekin aurerra egitea erabaki genuen. Era berean, baina, etxekoekin bakarrik egitea pentsatu dugu aurten", dio Aloña Mendiko tenis saileko Ainhoa Zumaldek.
Aurtengo ikasturtean 53 gaztetxok eman dute izena Aloña Mendiko tenis eskolan eta horietatik 24 ari dira txapelketan parte hartzen hiru kategoriatan banatuta: benjamin, alebin eta gazte mailan. Gaur goizean izan dira lehen partiduak. Arratsaldean eta bihar eta egubakoitzean –goiz eta arratsalde– dira hurrengoak. Finalak zapatu goizean izango dira Zubikoako tenis pista estalian; 10:00etan benjamin mailakoak eta horren segidan beste biak.