Oñatiko Hijos de Juan de Garayko enpresa batzordeak jakin arazi duen moduan, gaur gaurkoz, mantendu egiten da urtarrilaren 10etik aurrera greba mugagabera joateko erabakia. Dio abenduaren 9an izandako batzarrean, "gehiengo zabal baten oniritziarekin" hartutako erabaki dela eta "hilabete luzeetako negoziazioek porrot egin ostean" hartutakoa dela.
Lan hitzarmena dago negoziazio horien oinarrian. Enpresa batzordeak eman nahi du dagoeneko bigarren urtea beteko dela hitzarmenik gabe eta Gipuzkoako Metaleko Hitzarmenari lotutako igoerak ez bermatzea eta hainbat neurri sozialetan adostasunik ez lortzea daudela desadostasunen muinean. "Langileon eskaerak dira soldata igoera KPI-aren parekoa eta langilekoaren bizikidetza eta lan baldintzak hobetzen dituzten neurri sozial ezberdinak. Neurri sozial horiek, azken sei urtetan ez dira negoziatu, aurreko hitzarmenean soilik soldataren inguruko negoziaketa egon zelako. Enpresak eskaintza desberdinak aurkeztu dizkigu beti ere soldata igoerak KPI-tik urruti gelditzen diren eta neurri sozialak gehitu ahala, soldata igoera murrizten doazenak. Nabarmendu beharra dago, eskaintza hauek aurkeztu dituen bakoitzean, geldialdiren baten hotsak entzun dituelako izan dela. Izan ere, hasierako eskaintzak, soldata izozketaren ingurukoak ziren eta "errelebu kontratua" mugatzeko edo kentzeko asmoa ere azaldu zuten". GOIENA saiatu da enpresako arduradunekin hitz egiten, baina ez du erantzunik lortu.
Enpresa batzordearen esanetan alde biek egingo duten hurrengo bilera urtarrilaren 3an izango da, enpresak deituta.