Abenduko zubian jarri ohi izan du jaiotza Jose Luis Arzuaga legazpiarrak Udanako mendateko errepide ertzean dagoen zuhaitz baten. Aurten ere bai. "Justu-justuan izan da. Jaiotza jarri, eta domeka horretan itxi zuten gero errepidea. Berez urtarrilaren hasieran, Errrege Egunean edo hurrengoan kentzeko ohitura izaten dut, baina aurten auskalo, errepidea itxita dago oraindik eta. Lastima da, ordea, jendeak ez ikustea" dio Arzuagak. Aldundiak jakinarazi duen moduan, urtarrilean hasiko dituzte errepidea konpontzeko lanak eta hiru bat hilabete iraungo dute. Beraz, udaberrian ere hantxe egongo da oraindik jaiotza, ziurrenik.
Olakuako urmaelean jartzen duten jaiotza, bestalde, astean jarri dute. San Andres kooperatiba sortuberria zela izan zuten jaiotza jartzeko ideia bertako kideek, eta horrelaxe jarraitzen dute. Anjel Mari Arangurenek baieztatu duen moduan, dagoeneko jarrita dago.
Aloñako argia ere, piztuta
Pedro Zabala da, bestalde, Aloñako gurutzean argia jartzen duena. Atzo, eguaztena, jarri zuen eta martxan dagoela baieztatu gauean: "Lainoa ere bazegoen eta ez zen, akaso, ondo-ondo ikusten, baina bai, martxan dago". Ia 30 urtez jarri du argia Aloñan Zabalak, semeak lagunduta batzuetan, 10-12 kilo inguru pisatzen duen Cegasa-ko bateria motxilan hartuta.