Mantendu egiten da Gabonetako udal agenda

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko abe. 22a, 16:44

Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldea.

Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek ez dute kalejirarik egingo, baina bai harrera, eta haur parkea bertan behera gelditu da. Horiek dira salbuespenak. Gainerako ekitaldietan unean uneko neurriak eta legeak bete beharko dira.

Antzoki edo areto funtzionamendua –Zubikoa pilotalekua, adibidez– ematen zaien guneetan antolatutako ekitaldi guztiak mantendu egiten dira, baina unean uneko neurriak eta legeak bete beharko dira. Horixe jakinarazi du Udaleko Kultura Departamentuak Gabon egunetarako antolatuta dagoen egitarauari begira. Badaude bi salbuespen: kiroldegian egitekoa zen haur parkea bertan behera gelditu da, "kontaktu askoko edo interakzio handiko ekintza" moduan ikusten duelako Udalak. Olentzerok eta Mari Domingik ere ez dute kalejirarik egingo, udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak.

Kalejirarik ez, harrerak bai

Eguerdian, 12:30ean, helduko dira Olentzero eta Mari Domingi udaletxera eta hango balkoira aterako dira herritarrak agurtzera. Herriko plazaren azalera bere osotasunean erabiltzeko eskatu gura die Udalak joango diren herritarrei, "jende pilaketak ekiditeko". Udaletxeko agurra amaitu ondoren, Olentzerok, auzoz auzo, gurdian herriko auzoetara egingo du bisita, "askotariko arrazoiengatik etxeetan dauden haurrak agurtzeko". Errege Magoekin ere gauza bera gertatuko da. Parrokiak antolatuko du aurten ekitaldi hori, eta ez dela desfilerik egongo aurreratu dute: parrokia barruan izango dira hiru Erregeak, eguerdian, umeen gutunak jasotzen. Ume bakoitzak egoera onean dagoen jostailu bat eramateko dei ere egin dute, Caritasen bitartez beharra duten Gipuzkoako umeen artean banatzeko.

Emanaldiak, aurrera

Udalak prestatu duen Gabon egitarauaren barruko gainerako emanaldiak mantendu egiten dira. Horien artean: domekan, Olaitturri elkartearen Lope Agirreren estatua antzezlana Santa Anan eta Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen kontzertua gaztelekuan, Ganbarak Amaia Diaz de Monasteriogurenekin batera prestatu duen Maxk gose da! familia ikuskizuna astelehenean, Potx eta Lotx pailazoen Kaleak bizirik emanaldia 28an Santa Anan, hilaren 30eko gospel kontzertua toki berean eta Errege bezperako bertso saioa Zubikoan. Musika bandaren Gabon kanten emanaldia ere mantentzen da, eta baita urtarrilaren 6ko kontzertua ere.

Gaur egin du Ganbarak 'Maxk gose da!' familia ikuskizunaren aurkezpena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak