Osasun egoerari irtenbidea "urgentziaz" ematea eskatu dio Oñatiko Udalak Jaurlaritzari

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko abe. 22a, 16:35

Oñatiko osasun zentroaren eta herrigunearen argazki orokorra.

'COVID ziurtagiriari' lotuta Eusko Jaurlaritzak jarritako neurriak direla-eta, gutuna bidali dio Oñatiko Udalak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Jarritako neurriak berriz udalen gain utzi dituztela esan dio eta osasunaren egungo egoerari "presazko" irtenbide bat emateko eskatu.

Osasunak egun duen egoeraren aurrean duen "kezka" azaldu dio Udalak gutunean Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri, Lehendakariak sinaturiko dekretu bidez abiaraziriko neurri berriak "berriro jartzen du udalen gain Eusko Jaurlaritzak aginduriko neurriak betetzea, inolako baliabide edota laguntzarik" eskaini barik. "Kezkatuta gaude osasun egoerarekin, eta, kezkatuta, hartutako neurriekin; izan ere, pandemiari ezin dakioke soilik neurri murriztaileekin aurre egin". Osakidetzako lehen arreta "gainezka" dagoela ere esan dio, eta horrek "eragin zuzena" duela herritarrei eskainitako arretan. "Oro har, dagoeneko orokortua dago telefono bidezko kontsulta sistema, eta hainbat egunekoa da itxarote zerrenda. Gainezka eginda daude osasun langileak, baliabide faltan. Eta ez da azken kutsatze olatuko kontua. Duela ia bi urte hasi zen pandemia eta haien egoerak okerrera egin du. Horrek eragin zuzena du herritarrei eskainiriko arretan". Dekretu bidez abiaraziriko neurri berriak berriro jartzen duela udalen gain Eusko Jaurlaritzak ezarririko neurrien betetzea.

"Egoerari irtenbidea "urgentziaz" emateko beharra azpimarratu dio Udalak. Beharrezkoa ikusten du "lehenengo arreta indartzea" eta, horrekin batera, "aurrez aurreko kontsultak berreskuratzearen garrantzia" azpimarratu du. Eskatu dio herritarrek test azkarrak astean behin dohainik egiteko aukera eskaintzea, laborategiko zerbitzuak indartzea eta aztarnari gehiago jartzea.

Egoera "larri" honen aurrean, "indartze neurriak eta urgentziaz egindako murrizketak desegitea" eskatu dizkio Udalak Osasun Sailari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak