Areto futboleko taldeak iragarri zuen positibo kasuengatik bertan behera utzi dituztela maila guztietako partiduak eta entrenamenduak. Ez da salbuespena; futbolean eta eskubaloian ere gauza bera gertatu da.
Futbolean, Oiartzunen kontra jokatu behar zuen mutilen talde gorenak asteburu honetan Azkoagainen, baina bertan behera gelditu da. Baita Euskaldunan kontra nesken talde gorenak jokatu behar zuen partidua ere. Berdina gertatu da alebin mailako A taldeak jokatu behar zuenarekin ere, bertan behera gelditu da. Iluntzean jakin dute infantil mailako taldeak ere ez duela jokatuko, aurkarien artean positibo kasuak egon direlako.
Partidu horiek noiz jokatuko diren federazioak erabakiko du, baina ez da urtarrila aurretik izango, asteburu honetakoak bait ziren urteko azken partiduak.
Eskubaloian ere, mutilen senior mailako taldeak ez du jokatuko asteburu honetan; arrazoi berdinagatik gelditu da bertan behera.
Saskibaloiko taldeak, bihar
Aldiz, saskibaloi taldeko gizonezkoen bigarren mailan jokatzen duen Mekalki-Aloña Mendi taldeak jokatuko du asteburuko partidua. Bihar, zapatua, izango da, 18:00etan, Zubikoan, Bilboko La Salle taldearen kontra. Sarrerak kontrolatuko dituzte arautegia betetzeko.