Gaur da Lope Agirreren bueltan Olaitturrik prestatu duen lehen hitzaldia

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko abe. 13a, 15:50

Rafa Aranburu oñatiarra, Lope Agirreren paperean. (Argazkia: Joseba Urretabizkaia)

Lope Agirreri helduko dio aurten Olaitturri kultura elkarteak. Konkistatzaile oñatiarraren estatua jartzeko ideia arrazoitu edo baztertu egingo dute aktoreek hilaren 26ko antzezlanean. Horrez gain, hitzaldiak ere egongo dira aurten; lehenengoa, gaur, astelehena, XVI. mendeko Ameriketako konkistatzaileei buruzkoa.

Beste ekitaldi batzuekin gertatu zen bezala, Olaitturrik urtero antolatzen duen herri antzezlana eta hitzaldi zikloa bertan behera gelditu ziren joan den urtean pandemiagatik. Eta orduko asmoak landu eta gauzatu dituzte aurten: Lope Agirreri buruzkoa izango da Olaitturriren kultura hamabostaldia.

Euskaratutako gutunak

Iñaxio Irizarrek eman dio forma ideiari aurten ere, eta berak idatzi eta zuzendu du antzezlana: 1562-Lope Agirreren estatua. "Berez, jatorriz, Jorge Oteizaren burutazioa izan zen Urtsuaren eta Lope Agirreren estatua bana egitea eta bakoitza toki banatan jartzea. Baina ez zen gehiago garatu, ezta erabakirik hartu ere, XX. mendearen erdialdean sortutako La academia errante desagertu egin zelako, besteak beste. Eta asmo hori abiapuntu hartuta idatzi dut antzezlana, ganboatarrak eta oinaztarrak ere sartuz".

Sanmigelen ostean hasi ziren antzezlanaren entseguekin; astean behin egin dute orain arte eta birritan egingo dute hemendik aurrestreinaldira arte. Antzezlana idaztearekin batera, Lope Agirrek XVI. mendean idatzitako eskutitzak euskaratu ditu Irizarrek, eta eskuragai utzi taldearen https:// olaitturri.blogspot.com atarian, idatzitako obraren testuarekin batera, ohi bezala. Oñatiar konkistatzaileari buruzko informazioa ere osatu dute Wikipedian.

Abenduaren 23an da antzezlanaren aurrestreninaldia eta 26an estreinaldia. Aurretik hiru hitzaldi egongo dira: garai hartako Ameriketako konkistatzaileei eta merkataritzari buruzko bana eta Lope Agirrek zineman izan duen islari buruzkoa hirugarrena. Oscar Alvarez EHUko katedraduna, Agustin Goenaga kazetari eta zinemagilea eta Jose Antonio Azpiazu historialaria izango dira hizlariak. Hiru hitzaldietan lehena gaur, astelehena, da. XVI. mendeko historian espezialista den Oscar Alvarez izango da gaurko hizlaria eta gaia, hauxe: XVI. mendeko Ameriketako konkistatzaileak. 19:00etan da, Santa Anan.

Olaitturri kultura elkarteak prestatutako egitaraua agendan dago sartuta. Antzezlana ikusteko sarrerak  Txokolateixan daude salgai eta egunean bertan ere egongo dira, antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak