Oraingoz ez dago aparteko gertaera larririk Oñatin, udaltzainek baieztatu duten moduan. Errekak euren bidetik doaz eta ez dute gainezka egin. Ohikoa den puntua da salbuespena: Santxolopeztegi auzo parean doan bidegorri zatia. Itxita dago gune hori, uragatik.
San Lorentzo eta Errekalde batzen dituen tunelean ere ur asko dago, putzu sakon xamarra egin da eta behetik bueltan joatea hobe auzo batetik bestera joateko.
Lurjausiak, baina, egon dira Oñatin, bat baino gehiago, gainera. Horietan larriena Garagartza auzoko Errotaxo baserrira bidean gertatutakoa. Atzo iluntzean gertatu zen eta Errotatxo baserrira bidean eta bertaraino autoz heldu ezinda gelditu ziren bizilagunak. Gaur dira lur hori kendu, jaso eta bidea zabaltzekoak; hondeamakinen laguntza beharko dute lur asko jausi baita.
Zuhaitzak ere bota ditu haizeak herriko toki ezberdinetan. Olabarrieta auzoan bota zituen atzo handienak, baina azkar kendu zituzten lurretik. Horri lotuta, udaltzainburuak gogora arazi du San Martin eta Santa Lutzia auzoetako zuhaiztietan ez ibiltzeko, zuhaitz adarrak erortzeko arriskua dagoelako.
Errepidean putzu asko daude eta kontuz gidatzeko gomendioa ere egin dute udaltzainek.