Gaur, egubakoitza, Antixeneko gaztetxean eskainiko du Deshumanizazioa birako azken zuzenekoa Bizarro taldeak. Zortzi emanaldiko bira egin dute oñatiarrek; Arrasaten, Zornotzan, Donostian, Mutrikun, Bergaran, Tolosan eta Añorgan izan dira, eta azkena etxean egingo dute.
Aitor Regueiro taldekidea "pozik" dago gaurko kontzerturako, eta bira nola joan den azaldu du: "Bira honek balio izan digu musikalki baino gehiago alderdi humanoa lantzeko taldean; izan ere, denbora asko pasa dugu batera eta horrek mesede egin digu elkar gehiago ezagutzeko eta familia sentsazioa sendotzeko. Gainera, inguruko jendez babestuta egon gara".
Braulio taldea ere izango da taula gainean, eta 22:00etan hasiko da kontzertua. Sarrerak 5 eurotan egongo dira; langabeek 3 ordaindu beharko dute.