Formol konpainiak duela hiru aste estreinatutako Album antzezlana izango da gaur, egubakoitza, Santa Anan. Euskararen Egunaren baitan antolatu dute eta bi emanaldi egingo dituzte.
Emanaldi "bereziak"
Mikel Ibarguren aktoreak azaldu du 12:00etan batxilergoko ikasleei zuzenduko zaien saiorako "urduritasun puntu batekin" daudela; izan ere, hauxe adierazi du: "Gaur egun milenialismoan jaiotako gazteek bizi dugun egoera ikusi ahal izango da antzezlanean. Taula gainean egongo gara Intza Alkain eta biok, eta saldu diguten gezur erraldoiari buruz hausnartuko dugu. Esan izan digute unibertsitatean ikasi, lan ona bilatu, etxea erosi... egingo dugula, baina adin batera iritsi eta konturatzen zara hori gezurra dela. Beraz, Album izenak dioen moduan, argazki pila bat ikusi ahal izango ditugu eta antzerki garaikidearen bitartez horri buruz hausnartu ahal izango dugu". Gainera, ostean, ikasleek aukera izango dute protagonistekin solasaldia izateko.
Arratsaldean, berriz, saio irekia egingo dute. Sarrerak salgai daude ohiko tokietan, eta Ikusle Kluba ere lehen aldiz jarriko da martxan antzezlanarekin. Interesa dutenek dantzerkiplat@gmail.com helbidean eman beharko dute izena eta 17:30ean Santa Anan elkartuko dira, antzerkia ikusi aurretik ikusiko dutenari buruzko hainbat gairi buruz hitz egiteko, eta, antzezlanaren ostean, ikusi dutenari buruzko hausnarketa egiteko aukera izango dute izena eman dutenek. Ekimen hori "txalogarria eta eredugarria" dela zehaztu du Ibarguren aktoreak.