"Inoiz baino arrazoi gehiagorekin", Gobernuz Kanpoko Erakundeen azoka antolatu du Elkar Hezik, etenaren ostean. "Pandemiak eragindako geldiunearen ondoren, berriro ere, Oñatiko plaza beteko da talde askoren aldarrikapen, proiektu eta munduko toki ezberdinetan ekoiztutako artisautzaren kolore biziarekin".
Aurten, gainera, gertuko proiektuetan jarri gura dute arreta berezia: etxetik, auzotik edo bailara mailan talde txikiek egindako lanari. "Beraz, 0 kilometroko proiektu solidarioek, herrian errotuta eta txertatuta daudenek izango dute protagonismoa. Gure bailarako elkartasun ekosistema ezagutu eta sustatu nahi dugu. Benetan, beste gizarte eredu bat posible dela aldarrikatuko dugu, justizia sozialean oinarritzen den eredua hain zuzen ere. Bat egiten dugu agenda 2030eko aldarrikapenekin: klima aldaketa, basoen desagerpena, honetaz gain, beste hainbat gai ere jorratuko ditugu, besteak beste: migrazio fluxuak, giza eskubideen urraketa, jenero indarkeria, pobrezia energetikoa…".