Manifestaziorako deia azaroaren 25ari begira

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko aza. 24a, 10:22

Puntu lila duen posterra jartzen.

Manifestazioa egingo da bihar iluntzean herriko kaleetan zehar indarkeria matxistaren kontra. Ez da, baina, antolatu den ekitaldi bakarra. Gaur, adibidez, manifestazio horretarako kartelak egiteko tailerra egingo dute eta dokumental emanaldia ere izango da.

Indarkeria matxistaren aurrean, elkarEKIN leloarekin dator aurtengo azaroaren 25a Oñatira. Joan den urteko mezu bera da, eta, aurreko urteetan moduan, herriko eragileek elkarrekin edo elkarren berri izanda antolatu dituzte ekintzak, batak bestea oztopa ez dezan.

Konpromisoa eta laguntza

Egunean bertan, bihar, adibidez, manifestazioa egingo dute herrian zehar, plazan abiatuta, eta bertara joateko deialdia egin dute Udalak, Bargastak taldeak eta Oñatiko Sare Feministak elkarrekin. Bezperan, gaur, Antixena gaztetxean, tailer irekia egingo dute, manifestazio horretarako kartelak prestatzeko. Lagun Leku erretiratuen elkartea ere batu da ekitaldietara, eta egubakoitzean Olakuako urmaelean egin behar zuen elkarretaratzea egun bat lehenago egingo du. Zineklubeko azaroko azken emanaldian, berriz, genero indarkeriaren aurkako gaia lantzen duen dokumentala emango dute.

Puntu lila duten posterrak etxeko leihoetan jartzeko gonbidapena ere egin du Udalak egun horretarako; hala ere, egitarauaz gainera, indarkeria matxistaren aurka aritzeko konpromisoa erakutsi gura dute egunaren antolaketan aritu diren taldeek, eta euren laguntza eskaini behar duenari. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko koordinazio protokoloa eta Oñatin indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa martxan dago Oñatin. Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa, Berdintasun Saila eta Xirrika sexu aholkularitza zerbitzua, besteak beste, eskura dituzte herritarrek, eta baita herriko talde feministak ere.

Bost, urte hasieratik

Indarkeriaren inguruko aurtengo datuen harira, bost emakume joan dira Oñatiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara urtarriletik urrira bitartean. Azaroko eta abenduko datuekin batera, Ertzaintzaren eta Osakidetzaren datuak ere urte amaieran jakingo ditu Udalak, eta, joan den urtean egin moduan, datu guztiekin ebaluazio bat egiteko eta azterketa jasotzeko asmoa du.

Azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekintza guztiak agendan daude jasota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak