Irati film luzea ari da grabatzen Paul Urkijo Alijo (Gasteiz, 1984) zuzendaria Arrikrutz-Oñati kobetan. Astelehenean hasi zituzten hango grabazioak eta gaur, egubakoitza, bukatu asmo dituzte. Kobak izan dira eszenatokia eta platoa, eta zinemako 30-40 profesionalek hartu dute parte grabazioan. Koba barruan egin dituzte grabaketa-lanak eta harrera-gunea makillajerako eta jantziak gordetzeko espazioa izan da.
Paul Urkijo-ren (Errementari, Naara, El bosque negro, Monsters Do Not Exist) lan berri hau Erdi Aroko VIII.mendean dago kokatuta. "Beti liluratu izan nau Euskal Mitologiak, eta Irati filma izango da kondairen mundu ilun eta liluragarri horri egiten diodan omenaldi epikoa. J.L. Landaren eta J. Muñozen El ciclo de Irati nobela grafikoko pertsonaietan inspiratu naiz, modu askean, baita beste euskal kondaira eta gertakari historiko batzuetan ere, hala nola Orreagako gudan", dira bere hitzak.
Eneko Sagardoy (Handia, Patria), Edurne Azkarate (Gutuberrak), Iñigo Aranbarri (Patria, Nora), Nagore Aranburu (Loreak, Patria), Elena Uriz (Akelarre, Lo nunca visto), Iñaki Beraetxe (Ostertz, Ocho apellidos vascos), Ramon Agirre (Errementari, Handia), Kepa Errasti (Loreak, Lasa y Zabala) eta Itziar Ituño (La casa de papel, Goenkale) dira Irati filma honetako aktoreak, besteak beste.
Irati Zinema AIE (Bainet, Ikusgarri Films, Klima Media) ekonomia-intereseko taldeak ekoiztu du Irati filma eta EITBren, RTVEren, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan du. Fimax-ek banatuko du zinema-aretoetan.