Dotoreziaz jantzitako ahots biluzi eta garbia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko aza. 12a, 12:14

Maria Berasarte, eskarmentu handiko Donostiako abeslaria. Argazkia: Luis De Barros.

Musikegunak egitasmoaren baitan, Maria berasarte abeslari donostiarrak kontzertua eskainiko du etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 19:00etan; lagun izango ditu David Azurza kontratenorea, Joseba Irazoki gitarra-jolea eta Igor Telletxea perkusionista.

Maria Berasarte, "ahots biluzia" da, "apaindurarik bako ahotsa, purua eta esentziala", adituen esanetan. Eskarmentu handiko ibilbidea du abeslari donostiarrak, nazioarteko areto garrantzitsu askotan izandakoa da.

Jaioterriari, "bere lurrari" eskainitakoa dela dio abian duen Lurra eta bidea proiektua. "Modu autobiografikoan eta imajinagarrian nire lurraldera joan naiz bertako sustrai eta pertsonekin. Sustraiak oinarri hartuta, baina ikuspegi zabalarekin. Mundura, kanpora, begiratu dut orain artean eta orain nire lurraldera begira nago proiektu berri honetan. Sustraietara joanez musika alorrean egindako nire bidea erakutsi nahi izan dut".

Puntako musikariak alboan

Lurra eta bidea proiektua ideia xume batetik sortu zela azaldu du gehienbat Madril eta Lisboa artean bizi den abeslariak. "Euskal Herriko antzokiak batzen dituen Sarean egitasmoan aurkeztu nuen 2019an, aurreikusi barik halako eragina eta harrera izango lukeela. Harrituta eta pozarren gaude proiektuak izan duen harrera onarekin. Euskal Herriko areto askotan izango gara, eta Madrileraino ere helduko gara datorren urtean Teatros Del Canal-eko areto nagusian izango gara eta. Sekulako ilusioa egiten dit horrek, nire kultura eta nondik natorren azaltzen dudan proiektua toki eta areto ezberdinetan eskaini ahal izatea".

Proiektu pertsonala da, baina eskarmentuko musikariak ditu Berasartek taulan gainean lagun: Berako Etxeko Uzta taldeko Joseba Irazoki gitarra-jolea eta Igor Telletxea perkusionista, eta David Azurza kontratenorea. "Irazoki eta Telletxea ez nituen aurrez ezagutzen, baina kimika ona egon da gure artean hasieratik. Modu oso librean eta erosoan egin dugu lan. Azurza, berriz, aspalditik ezagutzen nuen elkarrekin hainbat lan egin izan ditugu-eta aurrez. Itzela da Azurza ere, mugarik bako abeslaria".

Diskorik ez oraingoz

Euskaraz, gazteleraz eta portugesez abestutako kantuak biltzen ditu bilduma berriak, eta ikus- kizuna hiru bloketan banatuta dagoela gaineratu du Berasartek: "Origen izenekoa da lehenengo zatia, gure sentsazioak, askotariko euskal soinuak... jasotzen ditu. David Azurzak lagunduta, euskaldunon sustraietaraino hurbilduta ekiten diogu ikuskizunari, bide batez, euskaldunoi eragin digun beste kultura batzuei erreferentzia subliminalak eginez. Nondik natorren eta musika alorrean nora joan naizen, hau da nire bidaia musikal pertsonala erakusten dut bigarrenean; eta euskal kantu eza- gunen moldaketa berriak eskaintzen ditugu hirugarren zatian, aurrez aipatutako musika bidai horren emaitza moduan uler daitekeena".

Jendaurrean aurkezten ari dira Lurra eta bidea, baina oraingoz ez dute proiektua diskoan jasota. "Ez dut baztertzen diskoa grabatzea, baina oraingoz ez daukat ezer lotuta. Aurreratuko dizuet, baina, Gabonetan ETBn ikusteko aukera izango dela orain dela gutxi Beasaingo Igartza jauregian grabatu genuen kontzertua".

Oñatin, domekan

Lurra eta bidea proiektua hitzekin definitzea zaila dela dio, Berasartek, baina orain arteko emanaldietan ikusi duen moduan, "jende oso ezberdina "engantxatzen" duela dio: "Gazte asko ere etorri direla ikusi dugu; oso garaikidea eta arriskutsua da da gure proposamena. Ez du inor hotz uzten".

Zortzi eurotan eskura daitezke sarrerak, domekan, Santa Ana antzokian, eta aurrez, Foruen Plazan dagoen txarteldegian, Oñati.eus atarian eta Txokolateixan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak