Gipuzkoako Txapelketa, asteburuko erronka

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko aza. 12a, 09:43

Beasainen izango den ziklokros proban korrituko dute asteburuan Arrikrutz Aloña Mendiko ziklistek. Aurten ez da Oñatin lasterketarik izango, baina Euskal Herrian barrena antolatuko direnetan lehiatuko dira taldeko bost txirrindulariak.

Urri amaieran hasi zen ziklokros denboraldia Arrikrutz Aloña Mendi taldeko txirrindularientzat. Berrizen izan zuten aurreneko proba, eta Trapagan, Legazpin, Laudion eta Karrantzan ere lehiatu dira ordutik; eta hurrengo geltokia, Beasain –bihar, zapatua–. 

Bost txirrindulari ditu aurten Oñatiko taldeak: Alex Beristain eta Danel Markuleta, kadete mailan; eta Xabat Castaños, Aimar Madina eta Markel Zubia, gazteetan. Zuzendari lanetan, berriz, arkauztarrak, Iker, Jon eta Julen.

Ziklistak badoaz, poliki-poliki, puntua hartzen, eta, honela, Aimar Madinak, esaterako, emaitza ederra lortu zuen hilaren 1ean Legazpin izandako lasterketan, podiumera igotzea lortuta; hirugarren izan zen. Asteburu honetan, berriz, Gipuzkoako txapelerako lehian ibiltzeko moduan ikusten du Madina taldeko koordinatzaile Ruper Arkauzek: "Lasai asko atera dezake txapela. Orain arte zorte txarra izan dugu, egia esan, baina fisikoki oso ondo dago, gogo handia du, eta oso lehiakorra da. Atera dezake; horretara joaten bada... eta zalantzarik ez dut joango dela, atera dezake". Madina litzateke Beasainen posturik onena lortzeko hautagai Arrikrutz Aloña Mendiko txirrindularien artean.   

Herrian lasterketarik ez

Beasaingoaren ostean, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako lasterketetan lehiatzen jarraituko dute ziklista oñatiarrek. Aurten ez dute egutegian herriko lasterketa izango, ez delako egingo: "Azken urteetan nahikoa larri ibili ginen antolatzeko: lan asko da, jende gutxi... Azken aldira zalantzan egon ginen egin edo ez. Pena ematen zigun ez egitea, baina gero pandemia etorri zen eta hori izan zen errematea". 2009an hasita egin da Oñatin ziklokrosa, eta oraingoz etenaldia izango duen arren, klubetik ez dute baztertzen aurrerago berreskuratzea. Bitartean, lasaitzen ditu ikusteak egutegiak "nahikoa lasterketa" badituela: "Hamahiru lasterketa dituzte egutegian; hainbeste izango ez balira, saiatuko ginatekeen antolatzen, baina nahikoa lasterketa dituzte, eta lasai hartu dugu. Aurten behintzat ez dugu antolatuko; datorren urtean, agian, buelta emango diogu".  

Ziklokros denboraldia errepiderako prestaketa moduan hartzen dute Aloña Mendiko txirrindulariek, eta, horrez gain, "disfrutatzea" da helburua: "Teknika hartzea eta ikastea. Gero eurek jartzen dizkiote helburuak euren buruari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak