Arratsalde iluna Azkoagainen, baita partiduari dagokionean ere (0-2)

Xabier Urtzelai 2021ko aza. 7a, 19:12

Elgoibarrek 0-2 irabazi dio Aloña Mendiri Azkoagainen, orain momentuan koska bat gorago dagoen taldea dela erakutsita. Lehen zatian intentsitate handiz jokatu dute bi taldeek, ate bietan izan dira aukerak, baina elgoibartarrek gol aukera garbietan barkatu egin dute eta 0-0 erretiratu dira aldagelara. Bigarren zatian, berriz, Elgoibarko Rodriguezek min egin du aurrean, bereak izan dira eta bi golak. 

Datorren asteko Mondraren kontrako derbian pentsatzen daude oñatiarrak dagoeneko, gaur arratsaldeko norgehiagokak ez dauka-eta buelta gehiago. Elgoibarrek merezimenduz irabazi du partidua. Lehiako lehen zatia intentsitate handikoa izan da. Elgoibar taldekoek baloiaren jabetza handiagoa izan dute, eta gol aukera garbiak ere sortu dituzte. Azpimarratzekoak Andoni Egaña atezainak egin dituen hiruzpalau geldiketa bikain –lehena grabatzeko modukoa izan da–.

Elgoibartarrek baloiaren jabetza izan badute ere, Aloñakoek kontraeraso azkarrak egin dituzte, eta oñatiarrek ere aukera ederrak izan dituzte Rodrigez atezainaren atea zulatzeko. Baina, kanpotarrenak nabarmenagoak izan dira, Elgoibarrek barkatu egin du lehen zatian, eta bazirudien bigarrenean oñatiarrek etekinen bat aterako zutela hortik. Baina ez. Gol aukerak gol aukera lehen zatia husnako berdinketarekin amaitu da.

Bigarren zatia oreka handiagorekin hasi da, eta ez zen talde baten nagusitasunik ikusten. Hala ere, bigarren zati horretako ordu laurdena bete denean, falta jaurtiketa batean, baloiaren errebote bat aprobetxatuta, Rodrigezek partidako lehen gola lortu du jaurtiketa bikain bati esker, atezain oñatiarrak ezer gutxi egin ahal izan du. Handik gutxira jokalari berak, Rodrigezek, bigarren gola lortu du. Norgehiagokari oraindik 20 minutu geratzen zitzaizkion, baina txantxikuarrek ez dute jakin zelan egin min Elgoibarkoei.

Aretxabaleta, lider

Bederatzi jardunaldi jokatu eta gero Aretxabaleta da kategoriako liderra, 18 puntu batuta. Asteburuan berdindu egin dute (1-1) ligako beste oilar baten kontra, Hernaniren kontra. ;ondrak, berriz, 1-0 galdu du sailkapenean ondo ondoan duen Zarautzen kontra, eta Bergarak garaipen garrantzitsua lortu du azken asteotako emaitza txarrei buelta emateko, mahoneroek 0-1 irabazi diote Oiartzuni.

Bergarak, emakumezkoetan ere irabazi

Asteburu borobila izan da Bergarako talde nagusiendako, Ohorezko erregional mailan ere Bergarako neskek irabazi egin dute eta, 1-4 Urolaren kontra. Eta, beste horrenbeste egin du Leintz Arizmendik, irabazi, Amaikak Baten kontra (1-0).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak