Orientazioko Ipar Liga jokatu da asteburuan Oñatin. Zapatuan, distantzia ertainekoa jokatu zen eta gaur, domeka, luzea. Ligako parte-hartzaileez gain, Madrildik eta iparraldetik ere etorri dira kirolariak Arantzazu eta Iturrigorriko ibilbideak egitera eta guztira 400 kirolari inguru elkartu direla adierazi du zapatuan antolakuntza lanetan eta gaur lehiatzen izan den Asier Osinagak.
400 kirolari
Kategoria ugari daude, baina elite mailako irabazleak hauek izan dira: Josep Morla eta Jara Garcia, biak Zaragozatik etorri den taldeko kideak.
Oñatiarrei dagokienez, ez-federatuendako hiru kategoria daude; open horia, laranja eta gorria. Horiek orientazioa ezagutu nahi dutenendako dira egokiak. Gorrian, hau da, maila handienekoan, lau bat oñatiar izan dira, horien artean Jokin Astigarragak, zapatuko eta domekako lasterketak egin ditu eta lehenengo oñatiarraren saria eskuratu du. Open laranjan parte-hartze txikiagoa egon da eta horian, neska-mutiko ugari izan dira, batez ere atzo Iturrigorrin. Izan ere, Oñatin badago orientazio eskola bat, Asier Osinagak berak eramaten duena, eta bertatik ere izan dira neska-mutiko ugari parte hartzen: “Uste dut gainera, nahiz eta eguraldi eskasa eduki, hotza eta euria gaur, uste dut gustura ibili direla”.
Orientazio eskolako eta Gipuzkoako Orientazio Taldeko partaide den Malen Osinaga oñatiarrak, bere kategorian ere txapelketa irabazi du.
Parajeekin "liluratuta"
Eguerdian egin dute sari banaketa ekitaldia Arantzazuko Gandiaga Topagunean, eta Osinaga pozik gelditu da Oñatiko saioek eman dutenarekin: "Euskal Herriak eskaintzen duen erliebea oso esanguratsua eta berezia da gehien bat Espainiatik datozenendako, han erliebea askoz ere lauagoa delako eta hemengo parajeekin liluratuta gelditu dira”.