Sukaldea gaitzat hartuta, eta oinetakoak sartzekoa elementu moduan egin dituzte beraien laburmetraiak, hamazazpi taldek. Askotariko ideiak landu eta garatu dituzte, eta horietarako erabilitako errekurtsoak, materiala eta moduak, eta lortutako emaitzak baloratu ditu epaimahaiak.
"Originaltasunarengatik, hausnarketarako utzitako bidearengatik eta hezur-haragizkoak ez ziren pertsonaiei bizia modu ezin hobean emateagatik" irabazi du Anapé taldeak aurtengo sari nagusia. Izan ere, laburmetrai horretan, goilarak, tenedoreak eta labanak dira protagonistak. Sukaldean geroz eta gutxiago erabiltzen diren tresnak, prestatutako janariaren aldeko apustua egiten duen gizartean. Bizia hartzen dute, eta hemendik kanpora, beste herrialde batera joateko erabakia hartzen dute.
Eta, hain justu ere, pertsonaia berezi horiek izan dira aktore onenen sariak lortu dituztenak, bai gizonezkoena eta baita emakumezkoena ere. "Ezuste galanta bezain polita hartu dugu. Lehen aldiz parte hartu dugu, eta inondik inora ez genuen halakorik espero. Egun zoragarria pasa dugu, eta horrekin geratzen gara", esan du taldeko kide Izar Larreak.
Talde hasiberriarekin batera, podiumean, bi talde beterano egon dira. Aurrez, askotan saritutakoak: LPM eta Dwingi Dwingi.
Ikusleen saria (laburmetrai guztiak ikusi ostean, aretoan zeudenek boto bidez aukeratutakoa) Hulia Gora Sinema taldearendako izan da.