"Arrazoi pertsonalengatik", Oñatiko Udalean duen zinegotzi kargua eta gainerako ardurak utziko ditu Bixente Urrutia Elexpuruk eta Karmelo Guridi Gallastegi izango da haren lekua hartuko duena, EH Bilduko zinegotzi berria. "Arrazoi pertsonalek eraginda, kargua utzi beharrean naiz. Eskerrak eman gura nizkieke udal taldeko gainerako ordezkariei, herrikideei, auzoetako ordezkariei... urte hauetan guztietan euren konfiantza emateagatik. Datorrenak ere ondo egingo du, seguru", dio Urrutiak prentsa oharrean. Izaro Elorza Arregi alkateak, bestalde, Urrutiaren konpromisoa nabarmendu du: "Sekulako lana egin du. Eten barikoa izan da haren konpromisoa. Herria hobetzeko konbikzioz jardun du uneoro, laguntzeko prest. Sekulakoa da halako pertsona bat taldean izatea. Faltan botako dugu".
Karmelo Guridik hartuko du Urrutiaren tokia. Aloña Mendin eta Txantxiku Ikastolan ibilitakoa da Guridi. "Badaki zer den lan egitea, eta, oraingo honetan ere, horretarako gogoz da, gainera", alkatearen hitzak. Guridik berak ere lanerako gogoz dagoela esan du: "Udaleko zenbait alor ezagutzen hasiko naiz orain. Lanerako gogoz nago. Ziur naiz egungo lantaldeak asko erraztuko didala bidea".
Aldaketak batzordeetan
Gauzak horrela, aldaketak egongo dira udaleko hainbat sailetan. Hain zuzen ere, Xabier Igartua Loidi zinegotziak hartuko du egun Bixente Urrutiak daroan Zerbitzuak eta Landa Garapeneko batzorde burutza. Karmelo Guridiren esku geratuko da Sozioekonomia eta Turismoko batzordearen kudeaketa. Kirol batzordean ere hartuko du parte.
Azaroaren 25eko osoko bilkuran onartuko da aldaketa, Urrutiaren kargu uztea eta Guridiren kargu hartzea. Mankomunitaterako zuen ordezko postua Iñaki Olaldek hartzea onartu zuen urriko udalbatzak.