Oñatiko udalbatzak atzo egin zuen urriko ohiko osoko bilkura. Tramiteko gaiak izan ziren nagusi, eta ez zuen luze iraun. Puntuak, gainera, aho batez onartu zituzten. Horien artean, adibidez, Gabonei begira herriko komertzioetan egin ohi izan den erakusleiho lehiaketaren eta Selma Huxley Barkham bekaren hirugarren deialdiaren oinarriak. Oinarri horiek orain Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte.
Mozio bateratu bat ere aurkeztu zuten alderdi biek, EH Bilduk eta EAJ-k. Hain zuzen ere giza eskubideen defentsagatik atxilotua izan den Sultana Jaya aktibista saharauiarraren aldeko mozioa. Gogoratu zuten egun asko daramatzala Marokok jarritako etxe barruko arrastatzearekin eta debeku hori altxatzeko eskatu zuten, Espainiari ere zuzenduta. Osoko bilkuraren amaieran, Jabetze Eskola martxan dagoela gogora arazi zuen Izaro Elorza alkateak, ikastaroetan izena eman daitekeela, tartean NOKA ikastekoan, eta herritarrak animatu zituen horretara.
Azaroaren 25aren inguruko egitaraua osatzen
Hurrengo hileko ohiko osoko bilkura azaroaren 25ean izango da. Alkateak aipatu zuen ari direla egun horren bueltarako ekintzak prestatzen eta horietako bat elkarretaratzea izango dela aurreratu. Hala, proposamena izan zan azaroko ohiko osoko bilkura aurreratu eta 18:00etan egitea, gero elkarretaratzera joan ahal izateko. EAJri ondo iruditu zitzaion, egun horrek esanahi garrantzitsua duelako.