Aitor Biain: "Lehiaketa konplikatuenetakoa da Tolosakoa, eta oso pozik gaude sariarekin"

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko aza. 2a, 09:21
Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi du Euskal Herriko Gazte Abesbatzak (Argazkiak: Euskal Herriko Gazte Abesbatza)

Aitor Biain oñatiarrak Basilio Astulezekin batera zuzentzen duen Euskal Herriko Gazte Abesbatzak irabazi du Tolosako Abesbatza Lehiaketa; 2023an egingo den Europako Abesbatzen Sari Nagusian parte hartzeko izendapena irabazi du. Biainez gain, badira debagoiendar gehiago ere abesbatza horretan.

Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi du Aitor Biain oñatiarrak Basilio Astulezekin batera zuzentzen duen Euskal Herriko Gazte Abesbatzak. Polifonian eta folklorean ere lehen sariak irabazi ditu. "Gogor egin dugu lana bi urte hauetan. Lehiaketetan lehiaketena da hau, etxean jokatzen dugulako eta Grand Prix zirkuituko lehiaketarik konplikatuenetakoa delako. Oso pozik gaude lehen saria irabazita, oso. Sari honekin, 2023an Grand Prix-en parte hartzeko aukera izango dugu, Europako lehiaketa onenetako irabazleekin batera. Gu oso pozik gaude egindako lanarekin eta jendeak era gustura hartu du guk emandakoa. Talde indartsua da, soinu eta musikalidade handikoa eta bi urte hauetako lana ederra izan da. Amaiera bikaina eman diogu".

Debagoiendar gehiago

Euskal Herriko Gazte Abesbatza Euskal Herriko 40 abeslarik osatutako proiektua da, bost urteko ibilbidea du eta zuzendariak aldatzen doaz. Esteban Urzelai oñatiarrak eta Isabel Manteconek zuzendu zuten hasiera, eta azken bietan Biain eta Astulez aritu dira. Debagoieneko Uxue eta Alba Bellido, Maria Izaga, Idoia Asurmendi eta Aitor Garitano daude, esaterako, abeslarien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak