Kanposantuko gune berrirako sarbidea irisgarriagoa izan dadin arrapala jarri du Udalak. Aurretik, eskailera-igogailu bat zegoen, gune horretara joateko zailtasunak zituztenek erabiltzeko, baina hainbat matxura izan ditu gailu horrek eta Udalak erabaki du hori kendu eta arrapala egitea. Lanak bukatu dituzte eta dagoeneko erabilgarri dago; Domu Santu egunean ere horrelaxe egongo da.
Astelehenean, azaroak 1, bestalde, egunerokoan baino jende gehiago joango da hilerrira, ohiturari jarraituz, eta, askoren joan-etorria errazteko, hilerriraino joango da Herribusa. Neguko ordutegia estreinatuko du egun horretan jaiegunetan Arantzazura doan zerbitzuak, eta herrigunetik abiatzen den guztietan joango da hilerriraino.
Udaltzainek, berriz, kanposantu inguruko zaintza zorroztu egingo dute astelehenera bitartean, eta baliozko gauzarik edo poltsarik bistan ez uzteko oharrak ere jarri dituzte hilerri kanpoan, lapurretak gertatu izan direlako gune horretan Domu Santu egunean.