Hamar onenen artean amaitu du Xabier Letek mendi lasterketen Espainiako Kopa

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 26a, 13:14
Xabier Lete, zutik eta erdian, Euskal Selekzioko kideekin (Argazkia: EMF-FVM)

Espainiako Mendiko Kirol eta Eskalada Federazioak (FEDME) antolatutako mendi lasterketen Espainiako Kopako lau proba puntuagarriak jokatu ostean, Euskal Selekzioko kide den Xabier Letek 10. postua eskuratu du sailkapen orokorrean. Erregulartasuna izan da oñatiarraren bertute nagusia; 11. postuan heldu zen helmugara lasterketa onenean, eta 15., aldiz, okerrenean.

Aloñako Igoeraren egun berean, baina etxetik 736 kilometrora, izan zen dortsala jantzi eta mendiko lasterketa batean partu zuen oñatiarrik. Xabier Leteren kasua horren adibide. Mendi lasterketen Euskal Selekzioan diharduen oñatiarrak Malagako Alhaurin El Grande herrian izan zuen zita; FEDMEk antolatutako Espainiako Kopako laugarren eta azken zita, hain zuzen.

Apirilean Sevillan, maiatzean Burgosen eta uztailean Kanaria Handian lehiatu ostean, Los Tajos Skyrace 32 kilometro eta 2.150 desnibel positiboko lasterketak itxi zuen kopa. 14. sailkatu zen Lete, bere selekzio kide Asier Larruzea (2.), Beñat Katarain (4.) eta Xabier Zarranzen (5.) atzetik. Lau lasterketetako puntuak batuta, aldiz, 10. postua eskuratu du oñatiarrak.

Erregulartasuna, bertute nagusi

Malagako zitan eskuratutako hamalaugarren postua lasterketa sorta honetan oñatiarrak erakutsi duen erregulartasunaren adierazle da; hots, 13. izan zen estreinakoan, 11. bigarrenean, 15. hirugarrenean, eta aipatu bezala, 14. azken lasterketan. Emaitza guztiak batuta 168 puntu bildu ditu Letek, eta Euskal Selekzioaren urtea borobildu du.

Izan ere, Asier Larruzea gueñestarraren garaipenaz eta Lide Urrestarazu ordiziarraren hirugarren postuaz gain, beste bost euskal lasterkari sailkatu dira Espainiako Kopako lehen hamar onenen artean: Katarain (4.), Zarranz (7.), Hassan Ait Chou (8.) eta Lete bera gizonezkoetan, eta Amaia Razkin (10.) emakumezkoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak