Bi proiektu potolo ditu esku artean Udal Gobernuak legealdia aurretik abian, behintzat, jarri gura dituenak: Jose de Azpiazu musika eskolaren etorkizuna eta Emakume Etxearen gauzatzea.
Prentsa oharrez adierazi duen moduan, Zubikoa kiroldegiaren eraberritzea bukatu arte itxaron behar izan du Udal Gobernuak 2020ko likidazioa egin arte. Hori eginda, bi milioi euro pasa lituzke Oñatiko Udalak inbertsioetarako eta bi egitasmo hauek izango dira agintaldia bukatu aurretik indarra hartuko dutenak.
Eraikina eta kokapena
Musika eskolaren proiektua eraikinari eta kokaguneari lotutakoa da. "Irisgarritasunari eta bestelakoei begira, ez da leku egokia. Gaur dagoenetan, behintzat, ez. Haren inguruko kezka agerian geratu zen EH Bilduren Harittu prozesuan. Gaiari heltzeko konpromisoa hartu genuen eta erronkari heldua diogu dagoeneko. Diagnostiko batekin hasi beharko dugu prozesua, eskaintza pedagogikoa aztertu, plan estrategikoa diseinatu eta hartarako beharrezko litzatekeen espazio egokia zehaztu", dio alkateak prentsa oharrean. Prozesuarekin datozen egunetan hastea da Udal Gobernuaren asmoa eta eragile ezberdinen parte-hartzea "funtsezkoa" izango dela dio. Datozen egunetan hasiko litzateke prozesua.
Emakumeen Etxearen egitasmoa da Udal Gobernuak datozen asteetan lantzen hasi gura duena. "Haren beharra atzeman da udalean eginiko prozesuetan, diagnostikoetan, dinamiketan... Berdintasunaren alorretik, eta, oro har, udaletik, serioski diogu heldua erronkari, leku egokiak bilatzen, proiektuari forma ematen eta aurrerako bidea marrazten. Finean, ulertzen dugu berdintasunaren alorrean urratsak egiten segitzeko beharrezkoa dela halako espazio bat", dio oharrean alkateak. Proiektu honetan ere parte hartze prozesua egongo da, esaterako, espazioaren kudeaketa eta antolaketa zehaztuko dituena.
Alkateak gaineratu du COVID-19ak aurreikusi gabeko ekintza eta inbertsioak eskatu dituela baina era berean "exijentzia handiko" proiektuekin jardun dutela agintaldi honetan, kiroldegia, Natur Eskola, Araozko ostatua eta irisgarritasun egitasmoak kasu. Zubikoa kiroldegia eraberritzeko eskatu zen maileguaren ordainketa urtebete doala aurreratuta ere jakin arazi du eta Udal Gobernuaren kudeaketa gaitasuna azpimarratu.