Zabalik dago laburmetrai rallyan izena emateko epea

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko urr. 19a, 12:36
2018ko laburmetrai rallyko sari banaketa ekitaldian, Santa Anan.

Atzo, astelehena, zabaldu zuten Oñatiko laburmetrai rallyan izena emateko epea eta antolatzaileek adierazi dute onartuko diren hogei taldetatik dagoeneko hamalauk eman dutela izena. Beraz, bertan parte hartu nahi izanez gero "azkar" ibiltzeko deia egin dute.

Azaroaren 6an egingo dute XII. Oñatiko laburmetrai rallya eta hamar laguneko hogei talde onartuko dituzte aurten. Dagoeneko, hamalau taldek eman dute parte hartzeko izena, beraz, antolatzaileek adierazi dute azkar ibil daitezela parte-hartzaileak, rallyan parte hartu ahal izateko izena ematen.

Taldekideen kopurua adieraziz, taldearen eta arduradunaren izenak, eta arduradunaren telefonoa eta helbide elektronikoa jakinaraziz, mezua bidali behar da helbide honetara: olr.antolakuntza@gmail.com-era. Partaideen gutxieneko adina 15 urte da eta adin txikikoek gurasoek sinatutako baimen orria aurkeztu beharko dute. Izen-ematea azaroaren 5ean edota hogei taldeko kupoa betetzen denean itxiko da.

Azaroaren 6a izango da grabazio eguna. 11 ordu izango dituzte parte-hartzaileek gehienez ere hiru minututako ikus-entzunezkoak aurkezteko. Oinarriak aurreko urteetako berak izango direla azaldu dute antolatzaileek: eurek emandako genero edo gaia landu beharko dute, zehaztuko duten objektu bat agertu beharko da eta emango zaien hamar tokietako bitan grabatutako irudiak azaldu beharko dira euskara hutsean sortutako lanetan.

Lehiaketari buruzko argibideak 8:00tan emango zaizkie partaideei azaroaren 6an, Santa Ana aretoan, eta lanak ere bertan entregatu beharko dira, 17:00etatik eta 19:00etara bitartean. 

Emanaldia eta sari banaketa ekitaldia Santa Anan egingo dira, baina streaming bitartez ere jarraitu ahal izango da OLR taldearen Youtubeko kanalean, 21:30ean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak