Hemendik aurrera, aukera izango da Oñatiko zineman film komertzialak jatorrizko bertsioan ikusteko. Egubakoitzetan izango da hori, eta, hain zuzen, Kulura batzordean landu dute. Izan ere, batzordetik adierazi dute euskarari "dagokion tokia" eskaini nahi diotela aurrerantzean pelikulak eskaintzean, eta hauxe adierazi dute: "Euskarazko pelikulak proiektatzeaz aparte, euskara bera izango da azpitituluetan lehentasuna izango duen hizkuntza. Tamalez, pelikula guztiek ez dute aukera hori eskaintzen, eta horrela izan dadin eta gure zinema aretoetan aukera hori izan dezagun lanean jarraitu behar dugu".
Asteburuan, esaterako, Paul Verhoeven zuzendariaren Benedetta film frantziarra emango dute, eta bihar, egubakoitza, jatorrizko bertsioan eskainiko dute.
Zinekluba ere martxan da
Zineklubeko emanaldiak jatorrizko bertsioan eman ohi dira aspalditik, eta horrela jarraituko dute denboraldi honetan ere, eguenero-eguenero. Esaterako,
gaur, Gaza mon amour pelikula palestinarra ikusi ahal izango da. Eta hilaren 28an, Summer of soul film estatubatuarra emango dute.
Ikus-entzule kopurua
Hirutek enpresako Joxi Alonsok datu batzuk eman ditu: 2018an, 10.000 ikus-entzule izan ziren Oñatiko zineman; 2019an, ia 15.000; 2020an, pandemian, 8.800era jaitsi zen, baina orokorrean hala gertatu da gainontzeko herrietan ere; eta orain espero dute ikus-entzule kopuru hori igotzea. Azkenaldian Oñatin arrakasta gehien izan duen filma Aitor Arregiren Handia izan da, 1.600 ikus-entzulerekin.