"Garaipen bikaina" erdietsi du Aloñak gaur arratsaldean bere zaleen aurrean. 35. minutuan sartu du partiduko gol bakarra Joseba Larreak, area kanpotik egindako jaurtiketa gurutzatu batekin. Ordu laurden lehenago ere izan du Ander Bikuñak markagailuan aurreratzeko aukera ona, baina Ordiziako atezainak gelditu du haren burukada.
Bigarren zatian ordiziarrek lerroak aurreratu dituzte berdinketaren bila, eta hasierako minutu horietan zelaian nagusitasuna izan dute. 57. eta 58. minutuetan aukera garbi-garbiak izan dituzte gola lortzeko Jon Irazabalen atearen aurrean, baina ez dute asmatu. Oñatiarren entrenatzaileak egindako aldaketekin, jokoa orekatu egin da, eta gol aukerak ate bietan sortu dira.
Hiru puntu horiekin sailkapeneko bederatzigarren koxkan jarri dira txantxikuak.
UDAk bigarren jarraitzen du
Debagoieneko taldeetatik puntu gehien dituen taldea izaten jarraitzen du Aretxabaletak, bosgarren jardunaldia amaitu ostean. 10 punturekin Touring liderrarekin berdinduta dago sailkapenean, Elgoibarren zelaian 0-0 egin ostean.
Mondrak ere emaitza bera erdietsi du gaur arratsaldean Hernanin, eta zazpigarren daude, 7 punturekin. Beste horrenbeste puntu dauzka Aloñak, bederatzigarren postuan. Mahoneroak, berriz, azken aurrekoak dira oraingoz, 4 punturekin.