Azaroaren 2an hasiko dituzte hasi den ikasturte honetako ikastaroak, baina izena aurretik eman behar da. Urriaren 13tik 20ra bitartean eman behar da izena udaletxeko zerbitzu telematikoak (sinadura digitala behar da) edo Herritarren Arreta Zerbitzura joanda. Eskainitako plazak baino jende kopuru handiagoak izena emango balu, aukeraketa zozketa bidez egingo da. Onartutakoen zerrenda hilaren 27an jarriko dute Kultura Etxeko harreran eta udaleko web gunean. Joan den urtean, edukiera eta distantziak kontutan hartuta, talde txikiagoak eratu zituzten eta bi txandatan eman ikastaroak.
Umeendako zein nagusiendako ikastaroak daude eta prezioak ezberdinak dira: 78,17 euro nagusiek eta 57,22 umeek. Onartuen zerrenda kaleratzean, Udalak dagokion tasa aplikatuko du emandako kontu korrontean. Baldintza guztiak bete beharko dira zenbateko hauek ordaintzetik salbuetsita egoteko: Oñatin erroldatua egotea, langabezian egotea (agiri ofiziala) eta langabezirako prestazio ekonomikorik ez izatea edo agortua izatea.