Eskerrak emanez agurtu da Iñaxio Ibarrondo

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urr. 3a, 17:38

73 urte egin ditu Iñaxio Ibarrondok Oñatiko bandan, horietatik 42 zuzendari moduan. Goizean eskaini du azken kontzertua. Bere aita zenak, Antonino Ibarrondok, konposatutako Atzeko kale kalejira izan da zuzendu duen azken pieza. Jose Luis Astigarragarendako ere azkena izan da.

Zubikoa kiroldegiko kantxa berdean eskaini du Iñaxio Ibarrondok bere azken kontzertua. Sei urte zituela sartu zen Oñatiko bandan, aitaren eskutik, eta 73 urte egin ditu; 42 zuzendari moduan, 1979tik gaur arte. Gaurkoa izan da bere azken emanaldia eta bandako musikariak ez ezik, etxekoak, bandako kide ohiak, lagunak eta entzule fidelak izan ditu ondoan. "San Migel egunekoan bor-bor egin zidan barrenak, baina gaur lasai egon naiz. Emanaldi polita izan da", zioen amaieran.

13:00etan izan da kontzertua, puntual, Zubikoan; Jexux Otxoak egin ditu aurkezpen lanak.

Zortzi pieza aukeratu ditu bere azken kontzerturako, tartean, Mariano San Miguel oñatiarraren Preciosilla, bere aitaren Oñati zortzikoa eta Atzeko kale kalejira, eta bereak diren Bakarmin pasodoblea eta Kuadro bat melodia bat pieza, Agustin Ugarteri egindakoa. Arantxa Zurutuzaren, Iñaxioren emaztea, baserriaren koadroa egin zion duela urte batzuk Ugartek Ibarrondori, eta ordainean pieza bat konposatu musikariak. Gaurko emanaldian, berak margotutako koadro bat eta pintura tailerreko giltzak oparitu dizkio Ugartek, "pintatzen hasteko asmoa du eta pieza bat egin ordez bere koadro bat gura dut jaso orain".

Iñaxio Ibarrondo, emaztearekin eta seme-alabekin.

Udalak Jabi Erostarberen margo bat oparitu dio berari, eta lore sorta bat emazteari. Izan ere, musikarien bikoteak, etxekoak, eskertu ditu Ibarrondok bere agurrean, "duten pazientziagatik eta entseguetara edo emanaldietara joateko trabarik ez jartzearren", eta horiek guztiak ordezkatuz, emazteari eman dio Udalak lore sorta. Izaro Elorza alkateak egindako lana eskertu dio oraingo eta aurreko udal korporazioen izenean.

Udal ordezkariekin ateratako argazkia.

Iñaxio Ibarrondok, musikarien etxekoak ez ezik, beste hainbat lagun izan ditu gogoan bere agurrean, horien artean: bandako musikariak eurak, bandako kide ohiak, abesbatzak, komunikabideak, modu batean zein bestean banda jarraitu duten herritarrak, laguntzen ibili direnak, herriko hainbat eragile eta noski, entzuleak. Aipamen berezia izan dute ere 1979tik hona bandan jarraitzen duten zazpi musikariak: "30 ginen orduan bandan, eta orduko zazpik jarraitzen dugu: Mikel Zabaletak, Agustin Ugartek, Jabier Ugartek, Anjel Mari Zurutuzak, Jose Antonio Altubek, Jose Luis Astigarragak eta nik neuk". Zuzendari moduan aritu direnak ere gogoan izan ditu Ibarrondok: Joxe Aranburu, Felix Kortabarria eta Iñigo Ugarte.

Bandakoek ere eskerrak eman gura izan dizkiote Iñaxiori. Lore sorta bat Arantxarendako eta esker hitzak beretako. "Musika egitea partiturako notak jotzea baino gehiago dela erakutsi diguzu eta eskerrik asko horregatik. Baita taldeko lider ona izateagatik ere. Ez da erraza astean birritan 60 bat laguneko taldea gidatzea, bakoitzari zenbat eta zer eskatu ahal diozun kontutan hartzen beti. Egin ditugun bazkarietan ere gazteen aldean eseri izan zara bazkari amaieratan, eta hurbiltasun hori oso eskertzekoa da. Zuk ereindakoarekin jarraituko dugu, eta beti izango duzu tokia bandan", adierazi du Iñigo Ugartek bandako kide guztien izenean.

Felix eta Iñaxio Ibarrondo anaiak.

Jose Luis Astigarragaren azkena

Gaurko emanaldia, Ibarrondoren azkena izateaz gain, Jose Luis Astigarragarena,  ere izan da. "Sei bat urterekin hasi nintzen solfeoa ikasten Antonino Ibarrondorekin. Iñaxioren anaia, Felix, ere gurekin zebilen. Hamaika urterekin sartu nintzen bandan, Antoninorekin. 81 urte ditut eta asko egin ditut bandan, 70. Hemendik aurrera entzule moduan joango naiz kontzertuetara, akatsak ateratzera", zioen barrez.

Jose Luis, Enkarna, Arantxa eta Iñaxio.

 

Erlazionatuak

Iñaxio Ibarrondoren azken kontzertuko argazkiak

Oihana Elorza Gorostiza 2021 urr 03 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak