Etxean, Oñatin, hasi behar zuen denboraldia Aloña Mendiko areto futboleko taldeak baina asteburuan kantxa okupatuta egongo denez, beste taldearekin akordio batera iritsi eta hala Zaldibian jokatuko dute. Gogotsu daude. "Gipuzkoa mailako hirugarren mailan hasi ginen jokatzen duela bi urte, eta bigarren mailara igotzea lortu genuen lehen denboraldi horretan. Gero pandemia etorri zen eta geldi egon gara. Baina aurretik lortutako igoera hori errespetatu egin dute eta horrela, bigarren mailan lehiatuko gara aurten, eta noski, lehenengora igotzea izango da helburua. Edo, noski, mailari eustea", dio taldeko presidenteak, Santi Bernalek. Aitor Sanchez, Mikel Saiz eta Iñaki Iglesias hirukoteak egingo ditu entrenatzaile lanak denboraldi honetan ere. Jokalariei begira, duela bi urteko taldea mantentzen dute.
Infantil mailako taldea
Bernalen esanetan, indarra hartzen ari da areto futbola Oñatin. "Guraso asko etorri dira guregana, interesatuta, eta 17 mutiko taldea ere sortu dugu. Infantil mailak jokatuko dute horiek, Gipuzkoa mailan. Pozik gaude". Taldearen babesleei ere eskerrak eman gura izan dizkie Bernalek: Plazaola argazki denda, Errekalde denda, Coinbroker, Ingou eta Athlon.