Maitasun istorioak rock lasai doinuekin abestuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ira. 14a, 09:26
Jimi Irizar, Iñigo Ugarte, Iker Martinez, Iñigo Biain eta Joxeba Aranburu. Argazkia: Galder Izagirre.

Hegaldiak bilduma argitaratuko du Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldeak egubakoitzean, irailaren 17an; eskarmentuko musikarien kantu eta bideoklip berriaren aurkezpena zinema aretoan 19:30ean izango da; Oñati.eus atarian daude sarrerak eskuragarri.

Latzenen hasi eta talde askotan ibili ondoren, 2016an ekin zion Iker Martinez oñatiarrak bere bakarkako proiektuari. Itzalen mundua argitaratu zuen 2017an eta Lurralde berriak 2019an. Irailaren 17an aurkeztuko du hirugarrena, Hegaldiak.

Zaldi Herrenak taldearekin

"Aurreko biak ere talde formatuan egindakoak dira, baina talde finkoa eduki barik. Lurralde berriak zuzenean jotzeko sortu zen Zaldi Herrenak; ondo zihoala ikusi genuenez, denon artean beste bat egitea erabaki genuen gero", dio Martinezek.

Aspaldiko lagunak dira guztiak: Joxeba Aranburu (gitarra-jolea); Iñigo Biain (baxu-jolea); Jimi Irizar (bateria-jolea); eta Iñigo Ugarte (gitarra-jolea).

Garate estudioan martxoan

Mimoz landu dute Hegaldiak. Iñaki Zubia soinu teknikari eta musikari lagunari proposatu zioten, eta Garate estudioan grabatu zuten, astebetez, Martxel Arkarazoren laguntzarekin. "Nahasketa Zubiak egin zuen, bere etxeko estudioan, eta Jonan Ordorikak masterizatu zuen Mamia estudioan. Azala eta di- seinua nik egin ditut, ondo kostata; ja, ja".

Estudiora sartu zirenean nahi bat zuten: "Jotzen gozatu nahi genuen. Grabazio estudioko bizipena, sarritan, azterketa moduko bat bihurtzen da: dena bere lekuan jo, bere tempoan, bere afinazioan, zu epaitzen dauden pertsonen aurrean... Eta hori ez dugu gustuko. Bost musikari gure abestiak jotzen zen grabatu nahi genuena, eta gozatu egin genuen; ea, bada, lortu dugun hori islatzea".

"Pertsonalak eta alaiak"

Hitzak eta doinuak abeslariak sortutakoak dira. "Garrantzitsua da niretzako abestiek nire barrua mugitzea; harreman pertsonalen arloan daude eragina daukaten gauzak orain. Egunerokotasuneko detaile txikiei buruz idazteko joera dudala konturatu naiz. Era batera edo bestera, maitasun abestiak dira gehienak eta esango nuke ikuspuntu alai batetik idatzita daudela. Nire bizitza polita da orain, eta, zorionez, tragikotasun barik egin dezaket berba, gauza txiki horiekin guztiekin gozatzen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak