Proiektuz betetako ikasturtea hasiko du Ganbara Faktoriak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ira. 8a, 16:01

Aitor Biain eta Aitor Garitano gaur goizean egindako aurkezpenean.

Kantu eskola, Ganbara abesbatza eta Hots abesbatza dira Ganbara Faktoriako hiru zutabeak eta ekintza bat baino gehiago ditu jasota bakoitzak ikastute berrirako. Irailaren 13an hasiko dute, Kultura Arnastu lelopean.

Goizean egin du Ganbara Faktoriak ikasturte berriaren aurkezpena Errekaldeko lokalean. Kultur Arnastu izena jarri diote denboraldi berriari eta hilaren 13an hasiko dute. COVID 19arengandik jarritako protokoloa beteko dute aurtengo ikasturtean ere, baina aurten ere presentzialtasuna izango dute helburu. Errekaldeko lokalean egingo ditu Ganbara Kantu Eskolak entseguak eta Ganbara eta Hots abesbatzek, berriz, Eltzian. Ikastetxeak Kantari egitasmoko entseguak etenda egongo dira aurten ere.

Kantu eskola eta Ganbara eta Hots abesbatzak dira Ganbara Faktoriaren zutabeak eta bakoitzak bere programa propioa prestatu duen arren, badira elkarrekin egingo dituzten emanaldiak ere. Maiatzean egingo duten bazkideendako kontzertua da horietako bat, Emakumeek idatzia. Ganbara eta Hots abesbatzak, gainera, elkarrekin hatuko dute parte Basoaren hotsa udako kontzertuan. Avileseko eta Varnako eta Ejea de los Caballeroseko eta Miranda de Ebroko lehiaketetara joateko planak ere badituzte, hurrenez hurren. Txikienendako proiektuak ere badituzte: filmei abestiak ipintzea eta musika Makilakixki ipuinari. Gipuzkoako abesbatzen federazioarekin batera, Kukubiku proiektuan ere hartuko dute parte. "Berezia izango da aurtengo ikasturtea. Kulturak arazo asko izan ditu azken bi urtetan eta horregatik dator Kultura Arnastu leloa. Inklusiboa izatea gura du, guztiondako izatea. Hartu, jaso eta sortu da helburua", Aitor Biain zuzendariak azaldu duen moduan.

Bestalde, youtube-n kanal bat sortzeko asmoa ere badute; faktoriako zutabe guztiek egingo dituzte kanal horretarako grabaketak. "Gure lana eta musika ezagutarazteko igoko ditugu bideoak kanal horretara", dio  Ganbara Kantu Eskolako zuzendari Aitor Garitanok.

Bazkidetza

Irailaren 13an hasiko du ikasturtea Ganbara Faktoriak eta izen ematea zabalik dago. Bestalde, Ganbara Faktoria babesteko Lagun eta Bazkidetza formatuak ere eskainiko dizkiete herritarrei. Gutxienez 15 euroko ekarpena eskatzen du Lagun formatuak, eta 50 eurokoa bazkidetzak. Hainbat abantail izango dituzte aukera horietako bat hartzen duten herritarrek, Ganbara Faktoria laguntzearekin batera.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak