Oñatin izan dira egun hauetan 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioko programa bat grabatzen. Launa herritarrekin egon dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleak. "Oso ondo ibili gara. Elkarrizketatuek oso ondo hartu gaituzte eta baita herritarrak ere, asko gerturatu zaigu agurtzera", dio saioko zuzendariak, Luis Oiartzabalek.
Grabatu duten pasarteen artean dago, adibidez, Mariano Altubek duela 42 urte lagun batekin egindako apustu baten errebantxa. Jazinto Lizarralde eta Jesusa Maiztegi senar-emazteek gaztetako eta nobioetako kontuak kontatuko dituzte eta Anjel Egañak 96 urteren bueltan hain sasoiko egoteko duen sekretua argituko du: "gosarian dago sekretu hori". Jose Manuel Molinerok ere hitz egingo du bere ohiturez eta mendizaletasunak eta Esteban Irustarena ere ezagutuko dute herritarrek: abiadura handian gidatzea du gustuko. Zenbatera eta non gidatu duen azkar adieraziko du kamera aurrean. Murgia auzoko jaietan kamioi bat tiraka mugitu zuten erronkari buruz berba egingo du Igor Urteagak Mikel Pagadi ondoan duela, eta Madalena ermita ondoko Mikel Ormazabalek, hitz-jarioa handitzeko zer egin behar den azalduko du, "aspaldiko ohitura eta esanen arabera". Beste pasarteetako bat Usakon grabatu dute 'Artza'-rekin; Zuhaitz Gurrutxaga eta biak bainatu dira bertan.
Sarrerak, agortuta
Zortzigarren denboraldia hasiko du gaur zortzi Orio Produkzioak ekoizten duen ETBko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak; 183. herria da Oñati. Irailaren 16an grabatuko dute plazako frontoian saio osoa (sarrerak agortuta daude) eta telebistan urriaren 13an eskainiko dute.
Eguaztenetan izango da saioa aurrerantzean, 22:30ean. Gares (Nafarroa) izango da denboraldi berriko lehen herria.