Gipuzkoako Artzain Txakurren 52. txapelketa hartu du gaur arratsaldean Legazpik. Guztira zazpi txakurrek hartu dute parte proban: Jabier Zubiaurre mutrikuarra Mendi txakurrarekin lehiatu da, Aitor Tato ataundarra Nabar eta Moro txakurrekin, Migel Arregi oñatiarra Lagun eta Argirekin eta Jose Mari Bengoa –oñatiarra ere– Eder eta Zeu txakurrekin.
Jabier Zubiaurreren Mendi izan da gaurkoa hobeto ibili dena eta lehen postua eskuratu du, 337 punturekin. Aitor Tatoren Nabar sailkatu da bigarren, 335 punturekin. Puntu bakarreko aldearekin –334–, Migel Arregiren Lagun sailkatu da hirugarren. Arregirena ere, Argik lortu du laugarren postua 152 punturekin. Ostean sailkatu dira Jose Mari Bengoaren Eder eta Zeu, 148 eta 140 punturekin, hurrenez hurren. Azken postua Aitor Tatoren Mororentzat izan da, 84 punturekin.
Txapeldunak eta txapeldunordeak Gipuzkoa ordezkatuko dute irailaren 18an Garain jokatuko duten Euskal Herriko txapelketan, eta txapeldunak irailaren 26ko Oñatiko nazioarteko txapelketan hartuko du parte.
Oñatiarrak, Euskal Herrikotik kanpo
Hala, gaurko emaitzekin Euskal Herriko txapelketan parte hartu ezinda geratu dira oñatiarrak. Puntu bakarreko aldea izan du Arregiren Lagunek bigarren sailkatuarekin; hala ere Argik eta Lagunek lan txukuna egin dutela azaldu du, eta "pozik" agertu da lortutako emaitzekin: "Nahiko ondo defendatu dira. Lagun berria da eta ez da ibili etxeko moduan, jendeagatik edo ez dakit zergatik okertxoago aritu da gaurkoan".
Jose Mari Bengoak aitortu duenez, ez txakurrak, ez bera, ez dira "oso fin" aritu gaurkoan: "Txakur gazteenarekin banuen beldur apur bat; lanerako gogo gutxi zuen, une batean ihes ere egin dit, nahiz eta gero nahiko ondo ibili den. Faktore asko hartu behar dira kontua". Hala ere, egindako lanarekin "gustura" agertu da.