Txirrindulari oñatiarrek lan bikaina egin dute gaur Ibarran egin den XXXVIII. San Bartolome Sarian. Izan ere lehen lau sailkatuen artean hiru oñatiarrak izan dira.
Hala, Aloña Mendi-Ulma taldeko Aimar Erostarbe izan da 92, 5 kilometroko ibilbidea bukatzen azkarrena 2 ordu, 3 minutu eta 51 segundoko denborarekin. Lau segundo beranduago helmugaratu da bigarrena, Ampo taldean diharduen Danel Casais; eta irabazleak baino hamaika segundo gehiago behar izan ditu laugarren helmugaratu den Aloña Mendi-Ulmako Aimar Madinak. Oñatiko taldea, era berean, bigarren geratu da taldekako sailkapenean.