Oñati, hainbat telebista saiotako plato

Txomin Madina Milikua 2021ko ira. 4a, 15:18

Oñati behin baino gehiagotan agertuko da telebistan datozen hilabeteetan. Hurrengo astean, esaterako, 'Herri txiki, infernu handi' saioaren denboraldi berriko ataletako bat grabatuko dute bertan. 'Masterchef' saioaren Poloniako bertsioaren programetako batek ere Oñatin izango du kokalekua; irailaren 12an egingo dute saio horren grabazioa.

Hastear da telebista denboraldi berria eta datozen hilabeteetan Goiena telebistan bakarrik ez, beste hainbat katetan ere agertuko da Oñati. Izan ere, hainbat saio grabatuko dituzte herrian hurrengo asteetan.

'Herri txiki, infernu handi', hurrengo astean

Xabier Madariagak aurkeztuko duen Abiapuntua izeneko saioa izango da ETB1-en apustu berrietako bat, eta azken asteetan programaren hainbat grabazio egin dituzte Oñatin.  

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik gidatutako Herri txiki, infernu handi saioak, bestalde, aurkezpen gutxi behar du honezkero, zortzigarren denboraldia izango da-eta aurtengoa. Debagoieneko zenbait herri izan dira orain artean programako protagonista, besteak beste, Leintz Gatzaga, Antzuola, Eskoriatza eta Aramaio; denboraldi berrian, Oñati batuko zaie horiei.

Hurrengo astelehen eta asteartean, irailaren 6an eta 7an, grabatuko dituzte elkarrizketak hainbat oñatiarrekin eta irailaren 16an ekitaldia egingo dute grabatutakoak herritarrekin partekatu eta saioa osatzeko. Aurkezleen bakarrizketek eta Sebastian Lizasoren bertsoek osatuko dute ekitaldia. 20:30ean hasiko da grabazioa, eguraldi ona eginez gero Foruen plaza ondoko frontoian eta gonbidapenak 'www.oñati.eus'-en eskuratu ahalko dira irailaren 7tik aurrera. Eguraldi txarra eginez gero kiroldegian izango da grabazioa.

Arkitektura oinarri izango duen eta Anne Igartiburu aurkezle izango duen ETB2ko Duelo en las Alturas saioaren ataletako bat ere Oñatin grabatuko dute datorren asteartean. Eta Biba Zuek saioaren barruan Aritz Ganboak herrian egin duen erreportajeetako bat ere emango dute laster.

Atzerrian ere bai

Oñati, baina, atzerrian ere ikusi ahalko da; esaterako, Polonian. Mundu osoko hainbat herrialdeetan egiten dira Masterchef saioaren bertsioak, baita Polonian ere. Han, urtero atzerrian egiten dute ataletako bat: Sydneyn, Singapurren, Mexiko Hirian... Zerrenda horri Oñati batuko zaio laster, hurrengo domekan, irailaren 12an, Foruen plazan grabatuko dute-eta denboraldi berriko saio bat.

Poloniako 'Masterchef' saioko epaileak.

Eta orain arteko guztia gutxi balitz, Television Españolaren El Señor de los Bosques saioaren grabazio batzuk ere egingo dituzte Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak