Oñatiko hainbat kalek ohikoa baino itxura beteago izan dute gaur, Azken Txanpa ekimenaren baitan hogei komeetziok kalera atera dituztelakohainbat eta hainbat produktu; kalera atera bakarrik ez, baita merkeago eskaini ere. Hala, herritarrek %10, % 30 eta zenbait kasutan %50 gutxiago ordaindu ahal izan dute erositakoaren truke.
“ Udaberri-uda denboraldiari bukaera emateko modua da guretzat, saldu gabe geratu diren produktuei irteera emateko era ona”, azaldu Chic arropa dendako Irma Juaristik, eta iritzi bera agertu du da Sillero oinetako dendako Itziar Ugartek: “Garrantzitsua da denboraldi berrirako biltegian gertu direnak saldu eta lekua egitea”. Aurten beste urte batzuetan baino lehenago egin duten arren, eta goizean euri apur bat eginagatik ere, gustura agertu dira bai Juaristi eta baita Ugarte ere herritarren partetik jasotako erantzunarekin.
Salerosketez gain, ekimenarekin herriko kaleetan sortzen den giroa ere azpimarratu dute saltzaileek, eta gaineratu produktuak kalera ateratzeak herriko dendetan zer dagoen erakusteko balio duela. Horixe nabarmendu du gaur arratsaldean postu ezberdinetan begira zebilen herritarretako batek: “Ekimen polita da bai dendarientzat eta baita herritarrentzat ere. Oñatin badago non zer aukeratu, denda politak daude”.
Autoak ere bai
Hogei komertzioen artean, gainera, denetarik egon da, baita auto-kontzesionariorik ere. Horren adibide izan da Amets Berezao: Etxaluzen hainbat auto jarri dituzte eta gura izan duenari probatzeko aukera eman. “Jendea harritu ere egiten da gu hemen ikusita. Baina aukera ona da kalera irten eta gure eskaintza ikustea. Izan ere gure establezimendua herrigunetik kanpora dago eta herrira etortzeko modua ere bada”, azaldu du Miren Tatiegik.
Bihar goizean jarraituko du Azken Txanpak Oñatin.