Atsedenerako asti gutxi, ezta?
Egia esan, hamabost egun bakarrik izan ditut hondartzan egoteko, baina ikaragarriak izan dira EHGArekin bizitakoak, Bilbon eta Donostiako Musika Hamabostaldian eskaini ditugu kontzertuak eta Europa mailan prestigio handia duen Arezzoko jaialdian ere izan gara.
Zelako taldea da EHGA?
Bertan parte hartzeko proba batzuk pasatu behar dituzte; gaur egun, Euskal Herri osoko 45 abeslari daude; horien artean, Debagoieneko Uxue eta Alba Bellido, Maria Izaga, Idoia Asurmendi eta Aitor Garitano. Bost urteko ibilbidea du abesbatzak; proiektu gaztea baina indarrez betea da. Esteban Urzelai oñatiarrak eta Isabel Manteconek zuzendu zuten hasiera, eta azken bi urteotan, Astulezen eta bion ardura da. Bion artean lan txukuna egin dugula esan dezaket eta taldearen maila ikaragarria da. Italian txundituta geratu dira eta gogotsu gaude orain azaroan Tolosako nazioarteko jaialdian parte hartzeko.
Abesbatza gehiago ere zuzentzen dituzu. Oporrak hartu dituzte horiek?
Abuztuan oporrak izan dituzte, ohi moduan, baina aurreko hilabeteetan indartsu egon gara kontzertuak eskaintzen, eta hori izugarrizko pribilegioa da. Ikasturte berriari begira ere proiektu asko ditugu, eta, beraz, oso pozik gaude.
Zelan eragingo dizuete astelehenean kultura arlorako Labik ezarritako neurri berriek?
Entseguak berdin hasiko ditugu. Labiren arau berriek edukieretan eragingo dute; beraz, jende gehiago sartu ahalko da kontzertuetan, eta hori oso positiboa da. Entseatzeko orduan ez dago aldaketarik: musukoa eta gela erabilita eta segurtasun distantziak gordeta. Lokal handietan jarraitu behar dugu entseatzen, baina ez gara kexatuko.