Abuztuaren 22an ekin zioten txapelketari A multzoko taldeek. Orduan Realak ezin izan zuen Alavesa mendean hartu (3-4), eta gauza bera gertatu zitzaion Eibarri, Athleticken aurka galduta(4-0). Hala, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiduan Reala eta Eibar taldea lehiatuko dira bihar, 18:00etan, Azkoagain futbol zelaian.
Gogoratu iaz zela jokatzekoa Euskal Herria Kopako neurketa Oñatin, baina koronabirusaren eraginez, bertan behera gelditu behar izan zen txapelketa. Aloña Mendi Kirol elkartetik azaldu dutenez, Euskal Herria Kirola elkartetik proposamena luzatu zioten Oñatiko Udalari, eta azken hau Aloña Mendi Kirol elkartearekin harremanetan jarri zen, aukera polita izango zelakoan. Bihar jokatuko duten partidak, osasun krisiaren eraginez, 180 laguneko edukiera-muga izango da Azkoagainen.
Internet bidezko sarrerak, agortuta
Biharko neurketarako, hiru modutan jarri dituzte sarrerak salgai: Euskal Herria Kirolak webgunean, Aloña Mendi tabernan, eta bihar bertan Azkoagainen. Internet bidezko sarrerak agortuta daude dagoeneko, baina Aloña Menditik jakinarazi dute oraindik badituztela sarrerak salgai Aloña Mendi tabernan eta bihar leihatilan ere izango dela eskuratzeko aukera.