"Familian ohitura dugu uda sasoia Jacan pasatzeko, eta oso lasterketa ezaguna da guretzat Oroeleko igoera. Azken boladan asko aritzen naiz mendian nire kabuz, eta hori horrela, aurten izena ematea pentsatu nuen. Ez nuen uste inondik inora ere irabazi egingo nuenik; disfrutatzera joan nintzen", aitortu du Osak.
1:06:18ko denbora behar izan zuen oñatiarrak 10,7ko ibilbidea bete eta gailurrera heltzeko, eta "asko sufritu barik" egin zuen lasterketa: "Hasieran oso urduri nengoen, baina pixkanaka joan nintzen martxa hartzen eta gero ibilbidean zehar sentsazio onak izan nituen".
"Zaletasunagatik" hasi zen mendian korrika, eta futbolean ere badihardu. Lehen lasterketan garaipena lortuta, aurrera begira gehiago egiteko asmoa duela aitortu du: "Aloñako Igoera urriaren 17an izango da, eta izena emanda dut horretarako ere".
Ainara Uribarri, bigarren
Malen Osarekin batera Jacako podiuma osatu zuen Ainara Uribarri herrikideak ere. Hain zuzen, bigarren korrikalari azkarrena izan zen hura.