Oñatin hasi eta amaitutako 5.000 kilometroko zeharkaldia

Irene Jauregi 2021ko abu. 2a, 12:08

Espainiar Estatua eta bertako kultura gehiago ezagutzeko asmoz abiatu zen Patrick Foster ingelesa Iberiar penintsulako herriak ezagutzera. Bizikleta izan du lagun bidaia guztian zehar, eta bidean lagun asko egin, eta aurretik Erasmus programan ezagututako asko bisitatzeko aukera ere eskaini dio bizitako esperientziak.

Irailetik maiatz amaierara arte Oñatiko Zuazola-Larraña institutuan ingeles irakasketak ematen ibili ondoren, Oñatin hasi eta amaitu du ibilbidea Patrick Fosterrek. Zazpi astez izan da Iberiar penintsula zeharkatzen eta orain etxera ari da itzultzen, Ingalaterrara, hain zuzen ere. "Oso gustura" gelditu da bizi berri izan duen abenturarekin, eta "errepikatzeko moduko esperientzia" dela azpimarratu du. 

Espainiar Estatuko, eta horrekin batera, Portugaleko herriak bere bizikletarekin ezagutzera animatu zen Foster Oñatin eginiko irakasle lanak amaitu ostean. Irailean iritsi zen Euskal Herrira eta bertan eman ditu azkeneko bederatzi hilabeteak: "Mendietako paisaia, berdea eta iparraldeko kultura maite ditut. Duela bi urte Asturiasen izan nintzen Erasmus programak eskaintzen duen esperientzia bizitzen, eta izugarri gustatu zitzaidan Espainiako iparraldea. Horrez gain, Donostia bisitatzeko aukera izan nuen, eta orduan erabaki nuen Euskadi izango zela honelako esperientzia bat bizitzeko lekurik aproposena". 

Hasteko, Donejakue bidea

Oñatin hasita, lehen etapan, Donejakue bidea egin zuen kostaldetik. Lehen geldialdia Oviedon egin eta bertan Erasmus programan ezagututako lagunak bisitatzeko aukera izan zuen. Ondoren, Galiziarantz bideratu eta bertan Finisterre eta Compostelako Donejakue bisitatu zituen, beste batzuen artean. Jarraiki, Portugalerantz bideratu eta Oporto eta Lisboan egin zituen geldialdi bi. Sevilla izan zuen osteko helmuga eta bertatik Malaga, Almeria, Kartagena eta Murtziara bideratu zen. Valentzia eta Bartzelona bisitatu zituen jarraiki, eta azken honetatik Pirinioetako Hegoaldeko Ibilbidea egitera bideratu eta Oñatira bueltatu zen.

Abentura bizikleta eta turismoa uztartzeko motodorik onena izan dela adierazi du Fosterrek: "Bizikleta eta turismoa nahasketa perfektua izan ziren. Bizikletaz aspertu ezkero, egun pare bat zenituen turista izateko, %100ean; eta ikusi beharreko guztia ikusi zenuela uste izanez gero, bizikleta hartu eta bidera bueltatzeko aukera zenuen".

Azken etapa, Ingalaterra

Zazpi aste izan dira bizikleta gainean egin dituenak Fosterrek eta emaitzarekin oso pozik badago ere, orain "etxera itzultzeko momentua dela" uste du. Ingalaterran du berezko egoitza Patrick-ek eta familia berriz ere ikusteko "irrikitan" dago, gabonetatik ez bait ditu ikusi. 

Berriro errepikatuko duen esperientzia dela adierazi du, nahiz eta orain, denbora tarte batez, atseden hartzeko asmoa izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak