Erosketak herrian egiteko beste Tokikozale sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Oñatiko Txanda dendarien elkarteak. Kotoizko poltsa bana emango diete erosketak herriko dendetan egiten dituztenei, eta horrekin argazkia atera eta sare sozialetara igoz, 50 euroko saria irabaz daiteke.
"Herritar guztiak animatu gura ditugu argazkiak igo eta gurekin bat egitera. Gainera, Oñatiko komertzioak digitalizazio prozesu batean sartuta daude. Konturatu gara pandemian erakusleihoak mugikorren bitartez ikusi dituztela askok; eta jende asko animatu da sare sozialetan aritzera. Eta orain ere horien laguntza behar dugu, dendariak urrutira hel gaitezen", adierazi du Txandako kide den Dorleta Fernandezek. Zozketaren irabazleak zein diren irailean jakinaraziko dute.